Gutuna: 'Zauria berriro irekia izan da'

Urtzi Ugalde Estomba 2015ko uzt. 27a, 11:50

Amasa-Villabonako alkateak eta PNVren udal gobernuak Remi Aiestarani uztailaren 31ean egiten zaion herri omenaldia festa egitarautik kanpo uzteko erabakiak samina eta sumindura ekarri ditu berriro herrira, Remiren heriotzak bere familiari eta lagunei sortu zien zauria berriro indar handiz irekiz.

Remi Santio Jaien antolakuntzan buru-belarri aritzen zen eta ezin da ahaztu alkatearen ordezko-lanak betetzen San Inazio egun batez hil zela. Beraz, festen markoan Remiren izaera eta izana oroitzeko eta omentzeko osagai guztiak biltzen dira. Orainarte bost urtez halaxe izan da, inolako ezadostasunik sortu gabe eta festa batzordearen erabateko oneritziz. Izan ere, uztailak 31koa Remi alkate ordeari, Remi Santiozaleari eta Remi gazteari egiten zaion herri omenaldi bat da, inolako alderdikeriarik gabekoa eta ideologiez gaindi dagoena. Remiren irudia alboratu eta baztertzeko saiakera eginez, PNV bera izan da, inolako beharrik gabe, festa batzordeari euren erabakia ezkutatuz, gehiegizko harrokeriz eta modu bihotzgabean festak "politizatu" dituena.

Aldiz, herritar xumeen eta hilabete luzez muxu-truk festak prestatzen ibiltzen diren herri eragileen erantzuna eredugarria izaten ari da, oso lasaia, baina eraberean guztiz tinkoa. Herri-erantzun honen aurrean alkateak uztailak 23an Diario Vascon "probokaziotan" ez zela sartuko esaten zuen... Uf! Probokatzailea probokaziotaz hitz egiten... Lotsa gutxi behar da! Eurentzat tamalez ordea, Remiren oroimena baztertzeko saiakerak aurkako efektua sortu du, herriaren ezagutza oso eskasa dutela erakutsiz.

Baina zer-nolako beharra zuten egin dutena egiteko? Demagun San Inazio egun hartan gertatutakoa ertzantzaren "irrupzio" bat izan beharrean, kale borrokakoena izan zela, eta hildakoa ezkertiarra eta abertzalea izan beharrean, PNVkoa, PSOEkoa, PPkoa edo Falangeko frankista bat zela... zer egingo luke PNVk?... Ba bai, asmatu duzue. Ofizialtasun erabateko omenaldia prestatuz buru-belarri ibiliko litzateke urtero eta ez hori bakarrik, "euskal terrorismoaren" biktimatzat hartuko lukete hildakoa. Remi euskaldun eta gazteak ordea, hauen ustez ez du "kategoria" hori, biktima guztiak berdin ez tratatzeaz gain, kasu honetan bere existentzia baztertzen saiatzeraino.

"Pasa" egin dira oraingoan, Remi maite zutenengan min handia eraginez. Eta eragileen erantzunak zauria asko leundu badu ere, ez da guztiz itxiko Remiren oroimen ekitaldia berriro ere Santio Jaien egitarau ofizialean azaltzen ez den bitartean. Nahastu egingo litzateke denborak, besterik gabe, zauri hau itxiko duela pentsatzen duenak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!