Tolosak irabazi du lehen Manu Muriel memoriala

Ataria 2015ko eka. 8a, 14:06

Billabona FKEko entrenatzaile eta zuzendaritzako kide zenari omenaldia egin zioten atzo jendez gainezka zegoen Arratzainen. Bere omenezko txapelketan, berriz, Tolosa izan zen garaile.

12 taldetan (hamaika gipuzkoar eta nafar bat) banatutako 160 jokalari inguruk parte hartu zuten Manu Murielen omenezko lehen txapelketan. Tolosa Kostkas taldeari gailendu zitzaion finalean, penaltietan.

Omenaldi hunkigarria

13:00etan, Billbona FKEko kideek omenaldi goxoa eskaini zieten Murielen senideei, futbolari guztiak zelaian zirela. Klubaren izenean testu bat irakurri ostean, Manuren seme-alabek eta emazteak bere omenezko eskultura bat estalgabetu zuten.

Monolitoa Juantxo Garmendia asteasuarrak egina da eta berak entrenatzen zuen taldea irudikatu du. "Erdiko zutabea Manu bera da, eta alboan dituen adaxka horiek bere hamaika jokalariak. Horiek inguratuz, berriz, beste adar bat ateratzen da, jokalariei ematen zien batasuna besarkada bat balitz bezala irudikatuz".

Ondoren, seme-alaba eta emazteari lore sortak eta eskultura beraren erreplika bat eman zieten. Amaitzeko, berriz, elkarteko bi kidek dultzainaz jotako aurreskua dantzatu zuten.

Klubeko zuzendaritza, pozik

Antolatzaile lanetan buru-belarri aritu da azken hilabeteotan Billabonako zuzendaritza taldea. Baina lanak merezi izan duela diote: "Oso pozik gaude. Arrakasta izan zuen, jende asko gerturatu zen. Aparkatutako auto ilara herriraino iristen zen". Aurrerantzean ere bigarren erronka bat dutela adierazi dute: "bigarren edizioa antolatzea".

Manurentzat ere hitz onak besterik ez ditu zuzendaritzak: "Lan asko egin zuen klubaren alde eta hutsune handi bat utzi zuen gugan".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!