Iban Agirrek EAJri emandako babesa eskertu die billabonatarrei

Ataria 2015eko maiatzaren 29a

Villabonako EAJren alkatetzarako hautagai, Iban Agirrek eskerrak eman die billabonatarrei igandeko hauteskundeetan hautagaitza jeltzaleari emandako babesagatik. “1.287 herritarrek adierazi diguten konfiantza bultzada ikaragarria da guretzat”.

Ildo horretan, Agirrek adierazi du, billabonatarrek aldaketaren aldeko apustua egin dutela, “gobernatzeko beste eredu baten alde”. Horregatik, “gure eredua inposaketarik gabea izatea nahi dugu eta denon arteko adostasunak bilatzen saiatuko gara”.

Aurreratu du bere taldearekin lanean hasi dela eta datorren astean udalean ordezkaritza lortu duten beste bi alderdiekin biltzeko asmoa dutela. “Gure programetan dauden adostasunak identifikatu eta hortik hasi nahi dugu lanean, denon artean eta denontzako lan egiten” gaineratu du.

“Villabonako garapen ekonomikoa lehenetsi eta billabonatarrekin batera proiektu partekatu baten aldeko apustua egiten duen udaletxea nahi dugula adierazi genuen eta kanpainan zehar gure 10 konpromisoak  aurkeztu genituen. Horiek izango dira gure ardatzak udalgintza lanetan, beti ere herritar guztien ongizatearen alde” azpimarratu du ekainaren 13tik aurrera alkate berria izango den Iban Agirrek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!