Arrazakeria eta xenofobia salatu ditu Amasa-Villabonako udalak

Ataria 2015eko martxoaren 18a

Herri anitza, herri aberatsa adierazpena onartu du Amasa-Villabonako udalak eta bando bidez zabaldu du herritarren artean. Arrazakeriaren eta Xenofobiaren nazioarteko eguna da martxoaren 21a eta horren harira kaleratu du adierazpena.

Sei puntuz osatutako adierazpena da udalak onartu duena. Lehen puntuan, pertsona guztiak herritarrak direla nabarmentzen du, "edonon jaioak direla". Honenbestez, herritar guztiok eskubide eta betebehar berberak ditugula aipatzen da testuan.

Norabide horretan, "pertsona guztien eskubideak, aukera berdintasuna eta ezberdin izateko eskubidea bermatzeko" lanketa egingo du Amasa-Villabonako udalak.

Jarrera xenofobo eta arrazistak identifikatu eta salatzeko konpromisoa hartu dute udal ordezkariek. "Jendarte kohesionatu eta justu bat eraiki behar da eta bide horretan elkarbizitza da gakoa" esan dute onartutako adierazpenean. Herrian dagoen kultura eta hizkuntza aniztasuna aberasgarria da herriarentzat eta horiek babestu eta indartzeko lanketa egingo dutela hitz eman dute zinegotziek.

Foru Aldundiko kanpaina

"Nik ere AURPEGIA EMATEN dut, contra el racismo" kanpaina abiatu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Migrazio eta Aniztasun sailak. Herritarrei dei egin nahi zaie ekimenarekin bat egin dezaten. Parte hartzeko herritarrek selfie bat atera behar dute eta euren twitter kontuan argitaratu #emanaurpegia eta #arrakeriarenkontra traolak erabilita.

Amasa-Villabonako udalarekin batera, Asteasukoak ere bat egin du kanpainarekin eta herritarrak animatu dituzte selfiak ateratzera.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!