Villabonako egoitza Kabiak kudeatzea onartu du Diputatuen Kontseiluak

Jon Miranda Labaien 2015eko martxoaren 10a

Villabonako Santiago zaharren egoitza bere gain hartzeko hitzarmena berretsi du gaur Diputatuen Kontseiluak. Villabonako plenoak onartuta eta Diputatuen Kontseiluko oniritzia jasota, hil honen bukaeran Batzar Nagusietan hartuko da azken erabakia.

Orain arte udal egoitza zena Diputazioaren eskura pasako da, Gizarte Zerbitzuen legean aurreikusitakoaren arabera. 2009tik, legez, Gipuzkoan dauden 16 udal egoitzen kudeaketaren ardura Aldundiarena da.

2013an aurkeztu zuen Foru Gobernuak Mendekotasunaren Arretarako Gipuzkoako Hobekuntza Plana. Aurreko urrian Batzar Nagusiek Kabia foru organismo autonomoa eratu zuten lau urteko epean 16 udal egoitzen kudeaketa bere gain hartzeko.

Villabonakoarekin batera, Azkoitia,  Elgoibar eta Zumaiako egoitzak kudeatuko ditu aurrena Diputazioak. Lau udalek onartu dute dagoeneko hitzarmena eta Diputatuen Kontseiluak hitzarmena berreitsi du orain.

Aldundiak lasaitasun mezua helarazi die egoitza hauetako langileei: beren lanarekin jarraituko dutela ziurtatu die, bai eta Diputazioak oraingo lan baldintzak mantenduko dituela ere. Era berean, egoitzetan dauden pertsonei esan diete arreta eta zerbitzu bera jasotzen jarraituko dutela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!