Gune bat estaltzeko lehiaketa irekiko du Villabonako Udalak

Rebeka Calvo Gonzalez 2014ko abe. 22a, 16:34
Hiru guneren artean aukeratu beharko dute billabonatarrek

Arroako plaza, Larreako haur parkea edo Malkar plaza estaltzeko proiektuak jaso nahi dituzte

Herritarrek behin baino gehiagotan egin duten eskaera bati erantzuteko garaia dela pentsatu du Villabonako Udalak, eta herriko gune bati estalpea jarri nahi diote. Prozesua, ordea, erabat irekia izango da, eta legealdi honetan ikur bihurtu duten parte hartze prozesu baten bidez egingo dute. Batetik, estalpearen proiektua egiteko lehiaketa irekiko du udalak, eta bestetik, iristen diren  ideien inguruko bozketa irekiko diete herritarrei.

Herritarrek herriko hainbat gune proposatu zituzten estaltzeko, eta udalak, analisi teknikoak egin eta gero, hiru gune aukeratu ditu: Malkar plaza, Larreako haur parkea, eta Arroako plaza. Lehiaketan parte hartu nahi duten arkitektoek hiru leku horiek estaltzeko proiektuak aurkeztu beharko dituzte, eta onespen teknikoa duten proiektuak izango dira gero, herritarrek ikusi eta bozkatu ahal izango dituztenak. Bozketan 16 urtetik gorako herritar guztiek hartu ahal izango dute parte, baina gazteagoak direnen iritziak ere bildu nahi dituzte, eta euren iritzia loteslea izango ez bada ere, sarietako bat emateko balioko duela esan du Galder Azkue alkateak. Izan ere, gune bakoitzean bozkatuen izan diren lehen hiru proiektuek saria jasoko dute. Gune bakoitzean irabazi duen proiektuak 3.000 euro jasoko ditu, bigarrenak 1.500 euro, eta hirugarrenak 500 euro. 16 urtetik beherakoek aukeratzen duten proiektuak 500 euro jasoko ditu. «Azkenean proiektu bakarrak irabaziko du, eta gune bakarra estali, baina beste proiektuak ere hemen geratuko dira, eta behar bada etorkizunean egin daitezke», gaineratu du.

Proiektu irabazlea aukeratzeko ere parte hartzea bultzatu nahi dute, eta horregatik ez du udalbatzak aukeraketa egingo. «Pasa den ekainean onartutako parte hartze ordenantzarekin jarraituz, azken erabakia herritarrek izango dute bozketa bidez». Uda aurretik gunea zein izango den aukeratuta egotea espero dute, eta uda eta gerorako utzi eraikitze lanak.

Epeak

  • 0. epea. Lehiaketako oinarriak onartzea. Udala orain ari da lehiaketako oinarriak zehazten.
  • 1. epea. Proiektuak aurkeztek epea. Arkitektoek hilabeteko epea izango dute lanak aurkezteko.
  • 2. epea. Azterketa teknikoa. Lan guztiak aztertuko ditu epai-mahai teknikoak, eta ondoren, eztabaida epea irekiko da.
  • 3. epea. Eztabaida. Lanak publiko egingo dira eta herritarrek ekarpenak egin ahal izango dituzte. Sari bat ere emango diote bozka gehien jasotzen dituen proiektuari.
  • 4. epea. Bozketa. Aste Santuen aurretik herritarrek proiekturik gustukoena aukeratu ahal izango dute.
  • 5. epea. Sari banaketa.
  • 6. epea. Lizitazioa.
  • 7. epea. Egikaritzea.
Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!