Iritsi da Joxe Mari Olarra Amasa-Villabonara

Ataria 2014ko azaroaren 7a

Pontevedrako A Lama espetxean zegoen. 18/98 auziko Xaki atalean epaitu zuten, eta 13 urteko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak. Ondoren zortzi urte eta erdira jaitsi zioten kondena. Atzo utzi zuten aske eta gaur iluntzean iritsi da Amasa-Villabonara.

Lehenago, HBko Mahai Nazionaleko kidea zela ETAren Alternatiba Demokratikoa izeneko bideoa zabaltzea leporatuta, 1997-1999 artean urte eta erdiz espetxeratu zuten, eta epaileak denbora hori kontuan hartu du Olarra libre uzteko, Iñigo Iruin abokatuaren eskaera onartuta.

Olarraren gertukoek TOLOSALDEKO ATARIA-ri azaldu ziotenez, atzo goizean espetxeko funtzionarioa joan zitzaion eta aske utzi zuen, aurrez abisurik jaso gabe. Kalean zela, berak deitu zuen askatasunaren berri emateko.

2007ko azaroaren 30ean atxilotu zuten Olarra, Mikel Egibar zizurkildarrarekin batera eta 20:15ak inguruan iritsi da Amasa-Villabonara. Txalo eta besarkada artean hartu dute herritar ugarik bere herrira iritsi bezain laster Joxe Mari Olarra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!