Santioetako marrazki lehiaketak baditu saridunak

Tolosaldeko Ataria 2014ko ira. 18a, 10:32

Santio jaietan lehen aldiz ospatu zen haurren marrazki lehiaketa eta atzo banatu ziren opari txekeak.

Villabonako santio jaietako berrikuntzetako bat izan zen haurren marrazki lehiaketa, eta atzo eguerdian banatu zituzten sariak udaletxearen aurrean.

Oria Merkatari Elkartearen laguntzarekin antolatu zuen Kultura sailak haur eta gazteei zuzendutako marrazki lehiaketa hau herriko festen egitarauaren barruan eta erantzun oso ona izan zuen Berdura plazan egindako txapelketak. Antolakuntzakoek, marrazki lehiaketaren edizio gehiago egiteko asmoa erakutsi dute datozen urteetarako.

Goiz pasa marrazkiak egiten izan ziren haur eta gaztetxoek bi modalitate desberdinetako lehiaketa batean parte hartzeko aukerarekin egin zuten topo. Batetik, lau eta zortzi urte arteko haurrak elkartu ziren eta bestetik, bederatzi eta hamalau urteko gaztetxoak. Bi adin tarte horietan banaturik erakutsi zuten beraien trebezia margoekin lehiaketaren lehen edizioan parte hartzera animatu zirenek.

Lau eta zortzi urte bitarteko marrazki lehiaketan bigarren saria lortu du Andrea Estebezek. Honek 25 euroko opari txartela irabazi du eta lehen postuan Maider Dieguez sailkatu da. Azken honek, 40 euroko opari txekea lortu du bere modalitateko marrazki irabazlea marrazteagatik.

Bederatzi eta hamalau urte bitarteko gaztetxoen arteko kategorian ere bigarren eta lehen sailkatuak saritu ziren atzoko ekitaldian. Xuban Ugarte izan zen bigarren modalitateko bigarren sailkatua. Santio jaietako marrazki lehiaketan egindako lanari esker, 30 euroko opari txekea irabazi du ikasle gazteak. Nagusienen lehiaketaren irabazlea Zoe Alonso izan zen. 60 euroko opari txekeaz gozatu ahal izango du bigarren modalitateko marrazki lehiaketaren irabazleak.

Saria jaso ez duten sarituek, Villabonako Kale Nagusiko Basajaun liburu dendan eskuratu ahal izango dituzte beraien marrazkiei esker lortutako sariak.

Sarietan banatutako opari txeke hauek herriko edozein merkatari dendetan gastatzeko aukera izango dute. Udalak, bere partetik, eskerrak eman nahi izan dizkie Villabonako Oria Merkatari Elkarteko kideei Santio jaietako lehenengo marrazki lehiaketaren antolakuntzan laguntzeagatik eta saridunei herriko dendetan gastatzeko opari txekeak emateagatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!