Amasa-Villabonako udala herritarrek nolako Amasamendi nahi duten erabakitzeko lanetan dabil. Gauzak honela, hirugarren eta azken bilera asteartean, hilaren 8an, egingo da, 19:00etan, Subijana etxean. Gainera, bilera ostean Baso ahaztuak dokumentala eskainiko dute, gogoeta egiteko aukera izateko.
Maiatzaren 19an, abiatu zuten Amasamendiren inguruan hausnarketa egiteko lehen bilera, eta bertan hamazazpi lagun elkartu ziren. Lehen aldiz erabiltzaile desberdinak elkarren aurrean eserita, bakoitzak mendiarekiko zituen sentimendu eta asmoak azaldu zituzten, norbere lanaren edo zaletasunaren ikuspegitik.
Lehen bileraren helburua, Amasamendik egun dituen erabilera ezberdinak ulertzea izan zen. Horrela mendiari ikusten zizkioten gabezi eta arazoen ulermen bateratua osatu ahal izan zuten, etorkizunerako asmoak eta desioak adostu nahian.
Bigarren bilera bat ere egin zuten ekainaren 16an, eta bilera horretan kudeaketa eredu desberdinak ezagutu zituzten. Astearteko hirugarren eta azken bileran, berriz, prozesuko ideiak oinarri hartuta, Ordenazio plan bat idaztea da asmoa, eta dokumentalarekin osatuko dute jarduna.