Hilaren 14an egin zuten Frankismoa Amasa-Villabonan erakusketaren irekiera ofiziala. Bertan udal ordezkariak, Foru Aldundiko ordezkariak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak izan ziren, eta Frankismoan fusilatukoen senideak presente zeudela, fusilatuak izan ziren amasar eta billabonatarrei omenaldia eskaini zieten.
Erakusketak interes handia piztu du eta hori ikusita udalak erabaki du martxoaren 29ra arte egon behar zuen erakusketa hainbat egunetan luzatzea. Luzapena, gainera, berezia izango da. Izan ere, Aritza elkarteko kideen laguntzaz lau bisita gidatu antolatu dituzte. Bisita gidatuak, beraz, apirilaren 1ean, 2an eta 3an 18:30ean, eta apirilaren 6an, igandean, 12:00etan izango dira. Bertan erakusketaren nondik norakoak eta historiaren parte diren herritarren historiak gertuagotik ezagutzeko aukera izango da.
Horregatik, udaletik eta Aritza elkartetik gaiarekiko interesa duen pertsona orori bisita gidatu hauetan parte hartzeko gonbita luzatu nahi diete.