Villabonako Udalak Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua kudeatuko du

Tolosaldeko Ataria 2014ko mar. 13a, 11:03
Gipuzkoako Foru Aldundiak 18/2008ko legeak ezartzen duen eskumen banaketaren baitan, Villabonako adineko zentroaren ardura hartuko du. Ondorioz, udalak Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzurako ematen duen diru laguntzaren zati kenduko dio udalari.

Orain Santiago egoitza Villabonako udalaren jabetzakoa den eraikin batean dago, eta bertan, adinekoen zaintzarako zerbitzu bat eskaintzen dute. 2008tik, ordea, zerbitzua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumen zuzena da.

Galder Azkue Villabonako alkateak esan duenez, nahiz eta Alduniaren eskumena izan, oraindik ez ditu Gipuzkoan zerbitzu hau ematen duten zentru guztiak bere gain hartu, eta orain emango ditu lehen pausoak.

Azkuek esan duenez, Villabonako Udalarentzat "burukomin bat gutxiago" izango da. Izan ere, Aldundiaren eskumena izanik ere, "udalak enpresa pribatu batekin duen kontratuz kudeatzen du egoitza". "Finantziaketa Aldunditik datorkigu baina hala ere, mantenu, inbertsio eta gainontzekoetan dirua jartzen du udalak eta horrek, urtero, diru asko suposatzen du: 50.000 eta 70.000 euro artean", gaineratu du.

"Eskumenen gauzatze hau, dena den, ez datorkigu musu truk. Aldundiak egoitzak bere gain hartzearekin batera, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzurako ematen duen diru laguntzaren zati bat kenduko digu udaloi (%15eko jaitsiera). Izan ere, zerbitzu hau udalon eskumena izatera pasako da", argitu du alkateak.

18/2008ko legea

Gipuzkoako Foru Aldundiak 18/2008ko legeak ezartzen duen eskumen banaketaren baitan hartuko du bere gain Santiago egoitza. Villabonako adineko zentroaz gain, Elgoibar, Zumaia, Lasarte-Oria eta Azkoitiko udal egoitzak ere pasako dira Gizarte Politikako Departamentuak sortuko duen erakunde autonomo berrira. Hurrengo asteetan hasiko dira bilerak udal hauetako ordezkariekin. Horrela adierazi du Gizarte Politikako diputatu Ander Rodrigezek Batzar Nagusietan izandako agerraldian.

Rodrigezek Mendekotasunaren Arreta Hobetzeko Planaren bilakaera aurkeztu du, eta “oso positibotzat” jo ditu orain arte emandako aurrerapausoak. Plan horren baitan, egutegi bat ezartzen da udal egoitzak eta eguneko zentroak Aldundiari eskualdatzeko, eta Gipuzkoako udalek Etxeko Laguntza Zerbitzuaren finantzazioa progresiboki beren gain hartzeko.

Egutegi horren aurreneko pausoak hauek dira: etxeko laguntza zerbitzuari ekarpenak egiten hasiko dira udalak, eta Aldundiak bere gain hartuko ditu Legeak ezartzen dituen eskumenak.

Horien artean, 16 udal egoitzen ardura bere gain hartu behar du Aldundiak, eta, iaz aurkeztutako egutegia jarraituz, aurten, besteak beste, Villabonako adineko zentroa Diputazioaren eskutara pasako da.

Beraz, joan dan urtarrilaren 1etik Diputazioa hasi da ordaintzen autonomoen kostea adinekoen egoitzetako plazetan. 19 udal onuradun daude eta 900.000 euroko gastua suposatu du Diputazioarentzat. Udal egoitzen egoerari buruzko auditoriak egin dituzte eta Diputazioak etxeko laguntza zerbitzuaren 2014ko tarifak KPIaren arabera eguneratu ditu. 100.000 euro gehiago suposatu dute. Aldundiak hitzarmen bat prestatuko du beste 11 udal jakinei euren udal egoitzen defizitaren %15,5 ordaintzeko. Miloi bat ehun mila euro aurreikusi dira horretarako.


Beraz, Ander Rodrigez diputatuaren hitzetan, “Mendekotasunaren Arreta Hobetzeko Plangintza aurreikusi bezala betetzen ari da. Pozik daude eta balantze positiboa egiten dute, bereziki eskumen berrantolaketa hori, 18/2008 Legearen arabera, 2009an egitekoa zelako, eta Plan honekin hasi arte inork ez duelako urratsik eman bide horretan”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!