Billabonatarrak Leverkusenen

Mikel Elizegi 2013ko urr. 4a, 16:22

Realak Bayer Leverkusenen aurka jokatutako partidak, Tolosaldeko ehunka realzale mugitu ditu azken egunotan Alemania aldera. Mikel Elizegi billabonatarrak bere bizipenak kontatu ditu kronika honetan.

Hainbat eta hainbat izan dira, Leverkusenera gerturatzeko realzaleek aukeratutako planak. Batzuk Municheko Oktobertfestera, besteak Stuttgarteko Canstatter Volkfestera nahiz Kolonia aldera; autobusa, kotxea eta egunean bertan hegaldia hartutakoak ere badira. Denak realarekiko zaletasunari mugarik jarri gabe. Gutxi izango dira Alemaniako garagardo, ukondo edo saltxitxak probatu gabe joan direnak. Plan guztiek zuten mugarri bera, ordea: asteazkenean, iluntzeko 20:45ean, Leverkuseneko Bayarena zelaian euren taldea Bayer Leverkusen taldearen aurka ikustea.

Realzaleek egun osoan zehar Leverkuseneko kaleak txuri-urdinez jantzi zituzten, eta baziren Kolonian bertan azken ordura arte gelditu eta zuzenean zelaira joan zirenak ere, Kolonia Leverkusenetik 12 bat minutura baitago trenez. Jendea pixkana-pixkana agertzen joan zen Leverkusenera, eta giroa ere berotzen joan zen. Leverkusen ez da hiri handia, eta realzale gehienak bertan dagoen zentro komertzial baten inguruan bildu ziren.

Europako beste hainbat herritan bezela, zaila egiten da horrelako egunetan, hain gurea den poteatzeko ohitura ez mantentzea. Taberna pare bat aurkitu eta han elkartzen joan ziren errealzale gehienak. Taberna batean denbora dezente eman genuen eta bertan zegoen jende mordoarekin, edalontziak altxor bilakatu ziren: edalontziarekin jon behar tabernara, han zerbeza edo kalimotxo bat nahi izanez gero. Ongi irakurri duzue bai, kalimotxoa zer den ere ikasi zuten, ondo, taberna hartan. Bertako bezero batek barrara sartu behar izan zuen laguntzera, ez baitziren jende guztia zerbitzatzeko gai.

18:00ak aldera zentro komentzialaren plazara gerturatu, eta Europako partiduetan ohikoa den kalejirari hasiera eman genion.  Esan gabe doa, bertako jendeak kalejira harriduraz ikusten zuela, eta bazen balkoietara gerturatzen zenik ere, kalejiraren oihuak entzun ostean. Kalejira zelaira heltzearekin batera, gero eta gehiago ginen bertan elkartutako realzaleak eta zelaira sartu aurretik giroa berotzen joan zen. Lehendabizi, zelaiaren kanpoan geundela Bayer Leverkuseneko jokalarien autobusa iritsi zen zelaira eta zaleen artetik pasatzeko momentuan txistu hotsak izan ziren nagusi. Ondoren, eta dirudienez trafiko arazoak medio, ordubete eskasaren faltan realeko jokalarien autobusa iritsi zen, eta zale guztion oihuen artean sartu zen autobusa zelai azpiko aparkalekura. Hura izan zen eguneko momenturik hunkigarrienetako bat.

Ondoren zelaian gertatutakoaren berririk baduzue. Leverkuseneko taldeak hobeto ekin zion paridari, beren zelaian nagustiasuna azaldu nahian, baina pixkana realeko jokalariak baloiaren jabe egin ziren, eta nahiko berdinduta joan zen lehen zatia. 45. minutuan eta lehen zatiaren amaiera gertu zegoenean etorri zen beren lehen gola. Rolfes erdilari eta kapitainak, hegaleko falta baten ostean buruz errematatu, eta Bravo atezainaren urruntzeaz baliatu zen, baloia hankarekin sartzeko. Ez zen gehiagorako denborarik izan lehen zatian, eta txuri-urdinak aldagelara buru-makur joan ziren zaleen animo oihuen artean.

Bigarren zatian partida erabat aldatu zen. Txuri-urdinak izan ziren zelaira oldakor irten zirenak, eta lehen ordu laurdenean norgehiagoka berdintzeaz gain, Velaren golaren bitartez, aurretik jartzeko ere hainbat aukera izan zituzten. Beren aldaketen eta txuri-urdinen nekearen ondorioz norgehiagoka berdindu egin zen azken ordu laurdenean, eta aukera garbienak beraientzat izan ziren. Huts egindako aukera garbi baten ostean etorri zen txuri-urdinentzat kolpea. Areaz kanpoko falta batean, Leverkusenek bigarren gola egitea lortu zuen partiduko luzapenean. Merezi gabeko 3 puntuak eraman zituzten alemaniarrek, eta gipuzkoarrak esku hutsik itzuli ziren egindako lan onaren ostean.

Azken finean eta laburpen gisara, bi zatien amaierek zapore garratza jarri zioten Alemania aldean hainbat txuriurdinek egindako planei.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!