Ekaineko lehen asteburuan, 67. urteurrena ospatzeko asmoarekin, hainbat ekitaldi antolatu ditu Amasa-Villabonako Behar Zana elkarteak.
Maiatzaren 31n, ostiralean, hasiko dira ospakizunekin. Arratsaldean, txupinazoa botako dute elkartean bertan, eta ondoren sagardo eta ardo dastaketa izango da Berdura Plazan. Edari eta pintxoak bi euro balioko ditu, bakoitzak euro bat.
Larunbatean ospatuko da egun handiena. Goizean goiz, 09:30ean, xake txapelketa jokatuko dute elkartean bertan. Ondoren, pilota eskolako finalak jokatuko dituzte Behar Zana pilotalekuan.
Arratsaldean, 16:00etatik aurrera, pilota jaialdia izango da. Lehenik eta behin, eskuz banaka, lau t’erdian, Mikel Otaño eta Ormazabal Artzai I.a arituko dira. Ondoren, Emakumezkoen binakako pala partida jokatuko dute. Bertan, Ainhoa Garmendia eta Maider Mendizabal, Naty Evaristty eta Nagore Arozenaren aurka lehiatuko dira. Seniorren txanda izango da ondoren. Jon Alejo I.ak eta Sergio Sanchezek Zubietako bikotearen aurka jokatuko dute.
Partidarik esanguratsuena, azkena izango da. Afizionatu mailan, eskuz binaka, Mikel Goñi eta Laurent Erreka, Iñaki Lizaso eta Aitor Gorrotxategiren aurka ariko dira.
19:00etan, hildako elkartekideen aldeko meza egingo dute, eta afal aurretik dantzaldia izango da Errebote Plazan.
Afaria, 20:15ean egingo dute elkartean bertan. Bazkideentzako izen-emate epea zabalik da dagoeneko, maiatzaren 26ra bitartean. Ez bazkideek aldiz, maiatzaren 20tik 26ra egin ahal izango dute, baldin eta ordurako 140 lagunentzako tokia bete ez den.
Gauean, 23:15etatik aurrera, danborrada izango da herriko kaleetan zehar Incansables txarangaren laguntzaz. Ostiralean, hilaren 10ean, amaituko da izen-emateko epea. Horretarako, elkartera joan edota beharzana@gmail.com helbidera idatzi beharko da. Partehartzea, edonori irekia dago.
Bestalde, hiru entsegu burutuko dituzte danborradarako. Lehena ostiralean bertan izango da, kultur etxean, 19:00etan. Hurrengoa, hilaren 24ean izango da. Eta azkena maiatzaren 31n egingo dute, 19:45ean. Danborradaren ondoren, berriro ere dantzaldia izango da Errebote Plazan, goizaldeko 03:30ak bitarte.
Ospakizunei, igandean emango zaie amaiera. 09:00etan diana izango da. Ondoren, 10:30ean, buruhandiak eta trikitilariak irtengo dira kalera, eta 11:30ean, Errebote partida jokatuko da plazan.
Egitaraua
Maiatzak 31, ostirala
18:00. Txupinazoa eta pregoia elkarte aurrean.
18:10-19:30. Ardo eta sagardo dastaketa Berdura Plazan. Pintxo potea bi eurotan.
Ekainak 1, larunbata
09:30. Xake txapelketa elkartean.
10:30. Pilota eskolako finalak Behar Zana pilotalekuan.
16:00. Pilota jaialdia
19:00. Hildako elkartekideen aldeko meza.
19:30-21:30. Dantzaldia Errebote plazan.
20:15. Afaria bazkideentzat.
23:15. Danborrada Incansables txarangarekin.
00:30-03:30. Dantzaldia
Ekainak 2, igandea
09:00-10:00. Diana.
10:30. Buruhandiak eta trikitilariak.
11:30. Errebote partidua plazan