Villabonako udal gobernuak, Ogasun batzordearen bidez, bukatu du 2013ko aurrekontuen zirriborroa. Prestatutako dokumentuari ekarpenak egiteko garaia da orain, eta ostiralean, hilak 25, bukatuko da epea. Aurrekontuen behin betiko onarpena urtarrilaren 30eko osoko bilkuran emango lukete. Proposamenak 5.834.815,43 euro aurreikusten ditu guztira, 2012an baino 200.000 bat euro gehiago. Inbertsioen atalean 441.000 euro aurreikusi dituzte, iaz baino %26,91 gehiago.
Era berean, udalak zero zabor politikarekin bat egiten zuela eta konpromisoa agertu izan du, eta hori dela eta 125.000 euroko gastua aurreikusi dute inbertsioen atalean urtean zehar hainbat ekitaldi egiteko. «Gure programan zero zabor politiken alde egingo genuela esan genuen. Gaikako bilketan ahalik eta emaitzarik onenak lortzea dugu helburu; hori dela eta, aurrekontuan esfortzu berezia eskaintzen diogu gai honi», esan dute udal gobernuko ordezkariek.
Elkarteak eta norbanakoak
Elkarteen eta norbanakoen diru laguntzetarako diru kopurua 2012koaren antzekoa izango da, eta udal zerbitzuak ere ez dituzte gutxitu iazko aurrekontuekin alderatuz. Zentzu honetan, gizarte politiken bueltan, birbanaketa bat aurreikusi dute aurrekontu proiektuan: «Gurean, geroz eta gehiago dira oinarrizko beharrak asetzeko adina baliabide ez dituztenak. Villabonako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako sailak kudeatzen dituen diru laguntzetan gehien behar duten gure herritarrei babes zabalagoa eskainiko zaie», esan dute. Aurrekontuak Amasa-Villabonako mugikortasunari buruz egin nahi duten azterketa sakona eta herriko bidegorriaren margotzea aurreikusten ditu ere.
Era berean, energia-politikaren barruan, argiteria aldatzen jarraitzea aurreikusi dute. Herritarren ekarpenak Villabonako Udalak aurrekontuak modu parte hartzailean diseinatu nahi izan ditu, eta hori dela eta pasa den abenduan informazio eta ekarpen prozesu bat abiarazi zuen. Udalak hainbat ideia, eskari eta proposamen jaso zituen, eta guztiak sakonki aztertu ostean, udal gobernuak horietako zenbait aurtengo aurrekontuen proposamen horretan bildu ditu. «Amasa Villabonako bizilagunek udalak banatutako inkestaren bidez helarazi dizkiguten hainbat eskari sartu ditugu aurrekontu proiektuan: Berez Behar Amasa Villabonakoa izeneko bekak, bizikletak uzteko aparkalekuak, jolastoki publiko bat estaltzeko azterketa proiektua edota haurren aisialdirako hainbat lokal, besteak beste», azaldu dute. Galdeketa orriaren bitartez jasotako galdera, ideia eta ekarpenak banan-banan erantzuten saiatuko direla ere esan dute.
Inbertsioak441 mila euro. Iaz baino %26,91 euro gehiago. «Giltzarri» diren gaietan egin nahi dituzte inbertsioak; garapen jasangarrian edo zerbitzuetan esaterako. Zentzu honetan zero zabor politikan sakontzeko 125.000 euroko gastua aurreikusi dute; autokonposta egiteko guneak prestatzeko, atez atekoaren ezarpen faserako, sentsibilizazio kanpainak egiteko...