Amasa-Villabonako udalbatzak 2013ko aurrekontuak onartu zituen herenegun, osoko bilkuran. Bilduren zazpi zinegotziek aurrekontu proiektuari aldeko botoa eman zioten, eta EAJren bik eta PSE-EEren bakarrak ezezkoa. Ondorioz, udalbatzak 5.834.815 euroko kontuak onartu zituen hasi berri den urte honetarako.
Galder Azkue alkateak oposizioaren jarrera salatu zuen, ekarpenak egiteko gaitasunik erakutsi ez dutela esanaz. PSE-EEren zinegotziak, Maria Luisa Arijak, bilkuran aurkeztu zituen proiektuari buruzko zuzenketak. Azkuek azken unean aurkeztu izana kritikatu zuen, aldaketak aztertzeko denborarik ez zegoela gaineratuaz. EAJren zinegotziek ez zuten zuzenketarik aurkeztu, hori bai, euren bozka ezezkoa zergatik izango zen azaldu zuten. Oposizioko bi alderdiak ados jarri ziren ezezkoaren arrazoi nagusia azaltzerako unean: aurrekontuetan atez ateko hondakin bilketa sistema gauzatzeko partida zegoela salatu zuten, eta eurak horrekin ez zeudela ados esan zuten.
2013ko aurrekontuek azken urteetako beherako joera hautsi egiten dute. 2010ean, aurrekontuetarako 5.890.823 euro bideratu ziren; 2011n, diru kopuruak beheraka egin zuen, 5.675.195 eurora jaitsiz; iaz, oraindik eta gehiago jaitsi zen, 5.639.597 euroraino. Aurten, ordea, zenbakiek goranzko bidea hartu dute, eta 2010eko zenbakietara gerturatu dira.
‘Perot’-eko langileak
Bilkuraren amaieran Galder Azkuek Huyck Wangner lantegiko langileen egoera izan zuen gogoan. Eurekin elkartu zela esan zuen alkateak, eta elkartasuna erakutsi nahi izan zien, larunbateko manifestaziorako deia herritarren artean zabaltzearekin batera.
2013ko aurrekontuak
5.834.815 euro
Zerbitzuak. % 23,56.
Bulegoak. % 14,69.
Kultura. % 12,12.
Gizarte zerbitzuak. % 10,73.
Euskara hezkuntza. % 9,01.
Udal gobernua. % 7,76.
Zor publikoa. % 7,62.
Udaltzaingoa. % 6,22.
Kirola eta gazteria. % 4,75.
Hirigintza. % 2,64.
Ingurumena eta mendiak. % 0,90.