ERREPORTAJEA

Bada zer ospatua

Imanol Garcia Landa 2024ko eka. 14a, 07:57

Bi mila eta hogeita hiruko irailean bete ziren 25 urte Altzoko eskola berriro ireki zela. Guraso ohi bati, Jexux Muruari, bururatu zitzaion 25. urteurrena zela-eta festa bat antolatu behar zela. Batzorde bat sortu zen, eta Santilazpi guraso elkarteko kideak, ikasle ohi batzuk, guraso ohi batzuk eta eskolako zuzendaritzan dauden kide batzuk elkartu ziren bertan. «Saiatu gara bere garrantzia ematen urteurren honi, eta denon artean osatu ditugu hainbat ekitaldi eta egitasmo», zehaztu du Joseba Amiano Santilazpi guraso elkarteko kideak.

Urtero festa ekainean egiten dute, eta pentsatu zuten ekintza batzuk egitea ikasturtean zehar, eta gero festa nagusia ekainaren 15ean egitea. Normalean ikasleen eta gurasoen artean ospatzen da ikasturte amaierako festa, eta aurten ikasturte honetan herri osora zabaldu da. «Herri batek haurrak eta eskola izatea oinarrizkoa da bizirik izateko», esan du Amianok. «Harreman handia dugu bai irakasleekin eta baita udalarekin ere. Beti esan da eskolarekin zerikusia duten gauzak ez zirela egin ahal izango udalaren laguntzarik eta inplikaziorik gabe».

Ekitaldiak urrian hasi ziren, urteurrenaren aurkezpenarekin, eta 25 urte hauetan izandako ikasle eta irakasleekin argazkia atera zuten. Bertan gainera 25. urteurrenaren logoa aurkeztu zuten, Eider Epeldek egina, eta eskolaren patio batean margotu zuen. Maixa Lizarribarrek berak sortutako urteurrenaren festaren abestiaren zati bat abestu zuen. Urtarrilean hezkuntza planari buruzko solasaldi batzuk antolatu zituzten, herriaren indargune eta ahulguneei buruz hitz egiteko. Apirilean Porrotx eta Mari Mototsen emanaldia izan zen, eta ikasleek aukera izan zuten pailazoekin dantza egiteko.

25 urteotako oroitzapenak

Hortik aurrera, biharko festari begira jarri ziren. Eskolan bertan egingo dira ekitaldi guztiak, eta urtero irakasleek ikasleekin prestatzen duten emanaldiarekin hasiko dute eguna. «Urtero moduan ere, seigarren maila bukatzen dutenei, eta eskola utziko dutenei, omenaldi txiki bat egiten zaie», azaldu du Amianok. Denboraren kutxaren ekitaldia egingo dute ondoren. «Imaz Bertsolaria izena du eskolak, eta orain bi urte Imazen Pagoa zuhaitzaren adar handi bat erori zen. Adar hori eskolaren patioan dago, aterpe batean jarrita», azaldu du Amianok. Enbor horri zulo bat egin zaio, eta zulo horretan norberak nahi duen desio, olerki edo idatzi bat sartzeko aukera izango da. Kutxa batean sartuko dira idatzi horiek, enborraren zuloan sartzeko. «Txapa bat egin dute, 25. urteurreneko logoarekin, eta horrekin zuloa zigilatu egingo da. Asmoa da hemendik 25 urtera zuloa ireki, eta kutxa barruan sartu diren idatzi horiek irakurtzea». Txapa horretan logoa jartzeaz gain, abestiaren zati bat grabatuta egongo da.

Bazkariaren txanda etorriko da gero, eta puzgarriak ere izango dira frontoian arratsaldean zehar haurren gozamenerako. Arratsaldea Pituxa clownaren emanaldiarekin hasiko da, eta berak emango dio sarrera 25. urteurreneko abesti osoaren aurkezpenari. Horrez gain, 2010ean Altzon Eskola Txikien Festa egin zen, eta Lizarribarrek berak ordurako sortu zuen abestia ere abestuko du. Herriko Artea dantza taldeak koreografia bat eginez lagunduko dute 25. urteurreneko abestian. Ondoren, abestiarekin egin den bideoklipa aurkeztuko dute. Festari amaiera emateko, Muxutruk erromeria taldearen emanaldia izango dute. Egun osoan zehar 25 urte hauetan eskolan jasotako bideoak eta argazkiak emango dituzte eskolaren jangelan, batzuk proiektore baten bidez, eta beste batzuk zintzilik jarrita ere.

Eskolaren komunitatea abesti batean

Altzoko Imaz Bertsolaria eskolaren 25. urteurrenean leku berezia du Maixa Lizarribar herritarrak sortu duen abestiak, Imazen harira izenekoa. Biharko festan aurkeztuko da osorik eta baita abestiarekin osatu den bideoklipa ere. Herritarrek parte hartu dute bideoklipean, eta baita abestian bertan ere. «Eskolan ikasleak eta irakasleak daude, baina komunitate oso bat dago, eta, adibidez, aitona-amonak askotan joaten dira, eta lan asko egiten dute beraiekin», esan du.

 

Orain dela hamabost urte Eskola Txikien festa egin zen Altzon, eta ordurako, beste abesti bat egin zen, eta baita bideoklipa egin ere. «Eskolan pila bat aldiz ikusten dute hori ikasleek, eta egun beraientzat nagusiak diren horiek hor txikiak ikusten dira, eta asko gustatzen zaie», esan du Lizarribarrek. «Hor geratu den gauza bat da, denon eskura dagoena. Horregatik, antzeko zerbait egitea zen urteurreneko abestiarekin, eta hemendik urte batzuetara ikusteko zer zegoen 2024an Altzoko eskolan».

 

Abestiaren letra osatzerakoan, eskolaren komunitateak egon behar zuela ikusten zuten, eta baita bideoklipean ere. «Ikasle ohiak daude, ikasleak, gurasoak, herriko koroa eta dantza taldea, eta aitona-amonak ere bertan daude», azaldu du Lizarribarrek. Bideoklipa grabatzeko Ataria-rekin kolaborazioan egin du Imaz Bertsolaria Eskolako komunitateak.

'IMAZEN HARIRA' ABESTIA FITXA TEKNIKOA

Gitarra: Xabat Artola Nazabal.

Pianoa: Lurdes Lerma Zornoza.

Baxua: Dani Lerma Zornoza.

Soinua eta panderoa: Maixa Lizarribar Saizar.

Tronboia: Markel Lizarribar Rodriguez.

Tronpeta: Lander Isasti Lerma.

Ahotsak: Naroa Olano Tapia, Garazi Astrain Agirrezabal, Araitz Astrain Agirrezabal, Joseba Oreja Balerdi, Karmen Murua Gorostidi, Iñaki Murua Balerdi.

Irrintziak: Iara Aizpitarte Murua, Lurdes Lerma Zornoza.

Esatariak. Xalome Saizar Martikorena, Loli Orbegozo Senperena, Manoli Davila Garcia.

Eskolako haurrak.

Altzoko korua.

Haizeen moldaketa: Onintza Erkizia Brion.

Musika eta hitzak: Maixa Lizarribar Saizar eta Agustin Amiano Gurrutxaga.

Nahasketa, edizioa eta masterizazioa: Markel Galarraga Ugalde eta Joseba Oreja Balerdi.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!