ERREPORTAJEA

Altzoko eskola, 25 urtez herria biziberritzen

Imanol Garcia Landa 2024ko eka. 14a, 07:58

Olaiz Duhau, Jexux Murua eta Ana Mari Olazar, garai batean eskola zegoen udaltxearen beheko lokalean. I.T.

90ko hamarkadan itxita egon zen Altzon eskola zortzi urtez, eta berriro irekitzea erabaki zuten herritarrek. Garai batean zituen ezaugarriak eta gaur egungoak ezberdinak dira oso.

Frontoiaren ondoan dago egun Altzoko Imaz Bertsolaria Eskola, baina garai batean udaletxean zegoen eskola. Urte batzuez ez zen eskolarik egon, eta berriro zabaldu egin zen, herrian bertan egindako hausnarketa eta lan askoren ondoren. Zehazki, 1990 arte egon zen zabalik eta ondoren 1998ko irailean ireki zen berriro. 25 urte bete ditu, beraz, eskolak, eta ikasturte honetan hainbat ekitaldi egin dituzte hori ospatzeko; biharko festa izango da guztiaren ginga.

Atzera begira jarriz gero, gaur egungo eskolak eta garai batekoak ez dute antzekotasunik. Frankismo garaian ikasle izan ziren Ana Mari Olazar eta Jexux Murua. Udaletxearen beheko solairuan zegoen kokatuta eskola, eta Olazarrek gogoan du nolakoa zen: «Bi errenkara bankuekin, banku altuak, binakakoak, eta sartu eta aurrean estufa, parean irakaslea, eta bestaldean komuna». Muruak beste ezaugarri batzuk gaineratu ditu: «Irakasleari begira jarrita, eskuinetara Francoren argazki handi bat zegoen, gero gainean gurutzea, eta ezkerretara armairua, liburutegia ere bazena. Bankuetan, maistrari begira, ezkerrean mutilak eta eskuinean neskak».

Udaletxean bi etxebizitza zeuden, eta horietako batean bizi zen Olazar: «Ni pribilegiatua nintzen, txapinetan jaisten nintzen-eta. Besteak hotzez eta hankak bustita etortzen ziren eskolara. Gure aita aguazila zen, eta horregatik, udaletxean bizi ginen». 14 urte bitarte egoten ziren bertan ikasleak, denak nahastuta. 50 bat ume izaten ziren. Zer ikasten zuten ekarri du gogora Muruak: «Matematika, Espainiako mendiak eta ibaiak, eta idatzi akatsik egin gabe edo gutxi eginda behintzat, castellanoz noski. Kantari aritzen ginen mendiak eta ibaiak, eta biderketa taulak ikasten». Eta pedagogia bestelakoa zen: «Kolpeak jasotzen genituen, eta gero etxean ez genuen ezer esaten».

Eraikin berria, 2006an

Zortzi ikasturtez egon zen eskola itxita. «Ez zen umerik ez zegoela herrian, beste joera bat zegoen orduan: umeak herritik kanpora joatea ikastera, hori hobea zela pentsatzen zelako», esan du Muruak. 1996an herriaren etorkizunari buruzko hausnarketa prozesu bat hasi zuten; etxebizitzaz, nekazaritzaz, zerbitzuen beharraz, kulturaz hitz egin zuten, eta eskola berriz martxan jartzeaz ere bai. «Bi urtetan lortu genuen geure burua konbentzitzea, aurreko tabu horiek apurtzea, eskolaren txikitasuna eta talde txikien ingurukoa», esan du Muruak, eta Olazarrek gaineratu: «Bazen pentsamendu hori, eskola txikietan ez zela ikasten».

Jexux Murua: «Beste joera bat zegoen orduan: umeak herritik kanpora joatea ikastera»

Eskola berriz zabaltzearen bidean, erabakigarria izan zen beste herrietan egiten zenaren berri izatea. «Zizurkildik etorri ziren bi ama eta ikasle izandako batzuk, eta haien esperientzia entzunda konbentzitu ginen eta erabaki zen eskola irekiko zela», esan du Muruak. Hezkuntza ordezkaritzarekin bilerak egitea egokitu zitzaien, eta hainbat familiaren konpromisoa lortuta, zabaltzeko baimena lortu zuten. Udaletxearen azpiko espazioan ireki zen 1998ko irailean, bederatzi ikasle eta bi irakaslerekin. Gero eta haur gehiago matrikulatzen hasi ziren, eta eskola gero eta udal lokal gehiago hartzen joan zen.

Hurrengo pausoa eraikin berri bat eskatzea izan zen, eta 2006an zabaldu zen egun eskolaren egoitza dena. 41 ikasle daude egun, lau gelatan, eta hamar irakasle daude. 2007tik dago Altzoko eskolan Olaiz Duhau, eta egun bertako zuzendaria da. Frankismo garaiko eskolarekin alderatuta, oso ezberdina dela dio: «Guk eskola nahiko berezia dugu; libururik gabe ikasten dute, baliabide ezberdinak jarrita ordezkatzen dira liburuak. Oilategia dugu, baratza, negutegia, baso eskola jarri genuen martxan, urmaela egin genuen basoan herritarrekin batera, azokak egiten ditugu, aroztegia dugu, eta gero ordenagailu asko ditugu eta robotika ematen dugu. Beste mundu bat da».

Olaiz Duhau: «Ez da erraza horrelako eskola bat topatzea, herriak duen inplikazioarekin, udalak daukan esku zabaltasunarekin»

 

Gaur egun eskola txikiek prestigioa dutela dio Duhauk: «Beste lasaitasun batekin egoten da ikaslea, eta zoriontsu. Hezkuntza proiektuan lehenengo esaldia hori jartzen dugu, ikasleen zoriontasuna bilatzen dugula». Zuzendariak gaineratu duenez, «ez da erraza horrelako eskola bat topatzea, herriak duen inplikazioarekin, udalak daukan esku zabaltasunarekin. Komunitatean egiten ditugu gauza asko eta horrek asko balio du».

Herriaren etorkizunean eskola «nahitaezkoa» dela ulertzen du Muruak, «herriarekin lotura, herriarekiko atxikimendua, herritarren arteko lotura egongo bada». Eskolaren aro berriak 25 urte bete ditu ikasturte honetan. Etorkizunak zer ekarriko duen herritarren baitan egongo dela dio Muruak: «Lehen herritarrek erabaki zuten eskola hustea eta azkenean itxi egin zen, eta gero herritarrek erabaki zuten eskola berriro irekitzea. Etorkizuna horrela izango da: herritarrek erabakiko dute eskola behar duten ala ez».

Erlazionatuak

Bada zer ospatua

Imanol Garcia Landa eka 14 Altzo

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!