Altzoko errota bisitatu dute

Leyre Carrasco 2024ko maiatzaren 12a

Gipuzkoako Erroten Eguna da gaur, eta Altzoko San Salvador Bekoa errotara bisita egin dute herritarrek, Antton Iztuetak gidatuta.

Gipuzkoako Errotaren Eguna ari dira ospatzen, hirugarrengoz, Altzon. Herriko plazan egin dute hitzordua eta Altzo Azpira jaitsi dira oinez denak batera. Hain zuzen, Altzon Azpin dago kokatuta San Salvador Bekoa errota eta hori bisitatu dute, Antton Iztueta herritarrak gidatuta.

Errotaren historia entzuteaz gain, martxan ikusteko aukera ere izan dute. Horrez gain, minak eragindako kalteak berreskuratzeko lanak ere ikusi dituzte, eta ondoren, hamaiketako egin dute elizako aterpean.

Errotatxiki

Herri askotan Jaun-Andere Handien menpeko izaten ziren errotak, eta Altzo Azpin ere Olazabalgo Jaun-Andereari lotuak agertzen dira. San Salvador Bekoa errota ez ezik, Altzon, bazegoen Konderrota izeneko bigarren errota bat.

XV. mendetik aurrera errota egokia edukitzea izan zen altzotarren kezka nagusienetakoa. Dokumentu zaharretan ikus daitekeenez, hitzarmen eta aldarrikapen ugari izan ziren mendeetan zehar Olazabal Etxea eta altzotarren artean.

Bi errotarri dituen errota da Errotatxiki. 1967an utzi zion labore-aleak ehotzeari. Ia 40 urtez geldi egon ostean, Altzoko Udalak erosi zuen 2005eko otsailean eta zaharberritzeari ekin zion. Geroztik, noizean behin gainarria pikatu egin behar izaten dute, eta horretarako, peskantea deritzon tramankulua erabiltzen da errota gehienetan. Altzon, ordea, sabaian aurkitzen den zurezko dornu birakari batez altxatzen dute gainarria. Eta hori da, hain zuzen, San Salvador Bekoa errotaren berezitasuna.

Erlazionatuak

«Gipuzkoan bakarra omen da»

Leyre Carrasco 2024 mai 12 Altzo

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!