Pizkundeez eta atzerakada berriaz aritu da Azurmendi

Ataria 2024ko otsailaren 20a

Altzoko kultura batzordeak Galtzaundi euskara taldearekin batera antolatutako euskararen historiaren inguruko ikastaroan Haritz Azurmendi albiztuarrak 'Pizkundeak eta atzerakada berria, 1800-1975' hitzaldia eman du.

Haritz Azurmendik XIX. mendetik Frankismo amaiera bitarteko euskararen egoerari begiratu dio Altzon euskararen historiaren inguruko ikastaroaren barruan. Jakin taldeko kideak azaldu duenez, estatu espainiarraren eta frantziarraren eraikuntzak, gizartearen modernizazioak eta Karlistaldiek errotik aldatu zuten Euskal Herria, eta euskararen iraupena kinka larrian geratu zen.

XIX. mende amaieran eta XX. mendearen hasieran Pizkundeak euskararen ortzi-muga berri bat asmatu zuela aipatu du Azurmendik: «noranahiko hizkuntza bilakatzea». Azaldu duenez, 36ko gerrak eta Frankismoak loraldi hori eten zuen, baina 60ko hamarkadan, «astinaldi sozial, politiko eta kultural betean, susperraldi berria etorri zen».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!