Altzoko plaza bete dute ekoizleek

Leyre Carrasco 2023ko abe. 10a, 15:40

XXVII. Olentzerotan Jakin-minez egitarauaren barruan VII. Azoka Eguna egin dute Altzon; bertako eta inguruko nekazari eta artisauen postu ugari izan dira plazan.

Azoka Egunarekin eman diote hasiera Olentzerotan Jakin-minez ekitaldiari. Bertako eta inguruko baserritar eta artisauek euren postuak jarri dituzte herriko plazan. Giro ederra izan dute goizean eta jendetza gerturatu da bertakoa ikusi, dastatu eta erostera. Taloak, txorizoa eta mondejuak dastatzeko aukera izan da goiz osoan zehar.

Duela 27 urte eman zitzaion hasiera negu bezperako ekimen honi. Jakintzak partekatzeko eta gogoeta sustatzeko guneak sortzea eta gozamenerako tarteak eskaintzea da ekimenaren helburua, eta halaxe egin dute aurtengoan ere. Bihartik aurrera ekitaldi gehiago izango dira Altzon.

EGITARAUA

  • Abenduak 11, astelehena
    • Solasaldia. Zaintza ereduak: Usurbil eta Hernaniko esperientziak solasaldia, Agurtzane Solabarrieta eta Jabier Lertxundi, Usurbil eta Hernaniko alkateekin, 19:00etan, Batzarremuñon.
  • Abenduak 12, asteartea
    • Tailerra. San Blas erroskilak egiteko tailerra Gurutze Gaztañagaren eskutik, 17:30etik aurrera, Elordi elkartean. Parte hartu nahi duenak izena eman behar du udaletxean, bertara joanda edo 943 65 24 13 telefono zenbakira deituta.
  • Abenduak 13, asteazkena
    • Dokumentala eta solasaldia. Apaiz kartzela dokumentalaren emanaldi eta solasaldia Xabier Amurizarekin, 19:00etatik aurrera, Batzarremuñon. 
  • Abenduak 14, osteguna
    • Solasaldia. Netflixek Joxe Azurmendi irakurri zuenekoa solasaldia. Europa bezain zaharra liburua izango du hizketagai Haritz Azurmendi Arruek, 19:00etatik aurrera, Batzarremuñon.
  • Abenduak 15, ostirala
    • Kantaldia. Verde Prato (Ana Arsuaga) 19:00etan Batzarremuñon. Sarrerak 5 euroren truke eskuratu daitezke udaletxean edo Ostatuan.
  • Abenduak 16, larunbata
    • Ipuin kontaketa. Kontalari2 ipuin kontaketa 17:30ean, Batzarremuñon.
    • Talo jatea. Ume eta gaztetxoak 20:00etan, eta gazteak zein helduak 21:00etan, Elordi elkartean. Otordua: taloa, hirugiharra, txorizoa, txokolatea eta gaztainak. Ume eta gaztetxoek 8 euro ordaindu beharko dituzte, ikasle gazteek 14 euro eta helduek 22 euro.
  • Abenduak 21, osteguna
    • Musika emanaldia. Loatzo musika eskolako musikarien emanaldia 19:00etan Batzarremuñon.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!