Bihar lehertuko dute jaiei hasiera emango dien suziria Altzon, 17:00etan. Uztailaren 31a bitarte izango dute San Inazio festez gozatzeko aukera, baina bezperatan ere, hainbat ekitaldi antolatu ziren San Inazio festen bueltan.
Pasa den uztailaren 22an, bihar jokatuko diren Frontoi Zaharreko Pilota Txapelketako finalaurrekoak jokatu ziren, eta iluntzean zahagi ardoaren bueltan bildu ziren herritarrak. Gaur, Artea dantza taldearen emanaldia ikusteko aukera izango dute herritarrek.
Jaiei hasiera ofiziala ordea, bihar arratsaldean, emango zaie suziria jaurtitzearekin batera. Frontoi Zaharreko finalak jokatu ostean, herri afaria egingo da, eta aurten zikirio jana egin ordez, beste menu bat izango dute dastagai herritarrek. Gauean, Zinez taldea eta DJ Txilardegik berotuko dute giroa beraien musikarekin.
Larunbata, paella prestaketarekin hasiko da, eta ondoren, herritarrek paella hori dastatzeko aukera paregabea izango dute. Antolakuntzak, aurreko urteetan bezala, paellarako osagaiak jartzeaz arduratuko da, eta kuadrilla bakoitzaren ardura da paella ontzia eramatea eta sua egitea. Arratsaldean, estreinakoz egingo diren kuadrillen arteko jokoek hartuko dute protagonismoa. Aurtengo egitarauan sartu den berritasunetako bat izanik, kuadrillen parte hartze handia espero da. Eguna amaitzeko, DJ Naza eta Kilimak taldeak jarriko dituzte dantzan Altzoko herritarrak.
Igandean, San Inazio bezperan, haurren txirrindulari lasterketarekin eta altxorraren bila jolasarekin hasiko dute eguna. Ondoren, herritarrek pilota partidak ikusteko aukera izango dute, bat palaz eta beste biak eskuz. Arratsaldean, Elordi elkartean mus txapelketa egingo da, eta ondoren Haatik konpainiaren eskutik Ur emanaldia eskainiko da. Eguneko ekitaldia, 19:00tan izango den bertso jaialdia izango da, eta punta-puntako bertsolariak entzuteko aukera bikaina izango da. Aner Euzkitze, Maialen Lujanbio, Anjel Mari Peñagarikano, Amets Arzallus, Maialen Akizu eta Nerea Ibarzabal izango dira oholtza gainean lanean. Gai jartzailea Pello Olano izango da. Bertso jaialdiaren ondoren, sagardo dastaketa eta Trikidantz taldearen dantzaldiarekin amaituko da eguna.
San Inazio eguna astelehenean izango da, eta erretirodunek mezaren ostean hamaiketakoa egingo dute. Eguerdian, txakolin dastaketaren txanda izango da, eta hamaiketakoan eta txakolin dastaketan hartutako indarrekin, toka txapelketan parte hartzeko prest izango dira altzotarrak. 18:00etan, herrian ikusmin handia sortu duen hitzorduaren garaia izango da: herriko gazteen arteko apustua egingo dute. Hain zuzen ere, eta herritar asko apustua ikusten izatea espero da. 2023ko San Inazio jaiak zahagi ardoarekin amaituko dituzte.
Berdintasun batzordearen oharra
Xabier Olano Altzoko alkateak esan duenez, Berdintasun batzordeko kideak «erasoen aurkako protokoloa eta aldarrikapenen idatzia prestatzen ari dira». Berdintasun batzordeak idatziak prestatzen amaitzean, Altzoko Udala arduratuko da oharra herritar guztiei helarazteaz.