Altzoko Imazen pagoaren adar bat bota dute

Tolosaldeko Ataria 2022ko ira. 16a, 17:37

Ostegunean beteko dira 186 urte Manuel Antonio Imaz bertsolariak landatu zuela; Altzoko ondaretzat dute zuhaitza, eta bai familia, baita herria ere, "oso haserre" daude.

Altzoko herritarrak, eta batez ere, Manuel Antonio Imazen oinordekoak, oso haserre daude une honetan. Egurgile batek, Imazen Pagoa zuhaitz historikoa dagoen inguruko basoan lanean ari zela, pagoaren adar bat bota du. Pilar Zuriarrainek, Imazen oinordekoak, "ezbehar oso larria" dela esan du: "Jipoi handia izan da, dena txikitu baitu. Bai senideak, baita herritarrak ere, oso haserre gaude gertatutakoagatik".

Zuhaitza berezi izendatuta dago, eta 2017ko Europako Zuhaitza Sarian parte hartu zuen. Hori dela eta, bi eskari egingo dituztela azaldu du Zuriarrainek: "Batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokion ardura eta zaintza eskatuko dizkiogu, eta aztertu eta ikertu dezatela benetan zer gertatu den. Ea guztia konpondu dezaketen. Bestetik, egurgileari kalte-ordainak exijituko dizkiogu".

Bere garaian bizi izan zen Manuel Antonio Imaz bertsolariak landatu zuen pagoa izango da herriko natur ondare ezagunena eta maitatuenetakoa. "Familiaren zuhaitza ez ezik, herritarren zuhaitza ere bada", nabarmendu du Zuriarrainek. Ostegunean 186 urte beteko dira landatu zuela. Bai berak, baita oinordekoek ere ondo zaindu dute orain arte, eta egun familiaren sinboloa da. Orain, ordea, zaila izango da jasandako zauriaren orbaina ahaztea.

Erlazionatuak

Altzoko beste 'handia'

Imanol Garcia Landa 2016 urr 26 Altzo

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!