Imazen pagoa, Europako Zuhaitza Sariaren lehian

Ataria 2016ko urriaren 20a

Imaz bertsolariak orain dela 180 urte landatu zuen pagoa 2017ko Europako zuhaitz berezia izateko lehiaketan parte hartzen ari da. Altzoko pago motz horrek Eusko Jaurlaritzaren zuhaitz bereziaren izendapena jaso zuen 1997 urtean, eta lehiaketa horretan parte hartzeko aukeratua izan da erkidegoan dauden 30 zuhaitz berezien artetik.

2017ko Europako zuhaitz bereziaren saria jasotzeko, lehenbizi Espainiako estatuko lehiaketa irabazi behar du. Bederatzi zuhaitz ari dira parte hartzen lehiaketa horretan. Bozketa bidez egingo da aukeraketa, eta parte hartu nahi duenak www.arboleuropeo.es webgunean du horretarako aukera. Azaroaren 6an bukatuko da botoa emateko epea.

Lehiaketa hori zertan datzan eta aldi berean zuhaitz berezi horri buruz azalpenak emateko Kultura Batzordeak hitzaldia antolatu du, urriaren 27an, 19:00etan, udaletxean. Bertan izango dira Valentin Mugarza Foru Aldundiko teknikaria eta Pilar Zubiarrain herritarra. Kultura Batzordetik azaldu dutenez, «gure ondarea ezagutzeko aukera paregabea izango da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!