Artikulu honetan Euskara gizarte bizitzan (1984) liburuxkako Larrañagaren hainbat ideia aletuko ditugu. Liburuxkaren jatorrian Tolosako Udaleko Euskara Batzordeak antolatu zituen jardunaldi batzuk daude: Tolosan Euskaraz. Batzordeko kideek orduan adierazi zutenez, ekitaldiaren arrakasta ez zen nolanahikoa izan: «Leidor zineman, 1.700 ikasletik gora bildu ziren bi hizlariak entzuteko». Larrañagarekin batera, Lluis V. Aracil soziolinguistak parte haurtu zuen hitzaldi hartan.
Garai hartako pentsamenduaren lagin xumea da ondokoa; garbi ikusten da euskararen aterabidea klase sozialekin lotzeko joera genuela. Larrañaga galdezka datorkigu: «Nori interesatzen zaio euskararen errekuperazioa? Ez kapitalari, ez oligarkiari, garbi dago. Are gutxiago oraindik, goi mailako ekonomia egituran, multinazional eta nazioarteko kapitalaren mugimenduari. […] Nork du orduan interesa? Langileriak. Bere askatasun osoa lortu ahal izateko, gainerako zapalkuntzetatik bezala, hizkuntzaren zapalkuntzatik askatu beharko du, eta hori ez dute erregali modura eskainiko, borrokaren ondorioz baizik».
Iñaki Larrañaga: «Nori interesatzen zaio euskararen errekuperazioa? Ez kapitalari, ez oligarkiari, garbi dago»
Euskal feminismoaren adar euskaltzaleak orain antzeko gauzak esaten ditu, zapalkuntzen izenak eta izanak gehituta. Larrañagak klase arazoarekin uztartu nahi zuen euskararen zoria, orduko euskaltzaleok egiten genuen ildotik. Ez dut uste gure pentsamendu soziolinguistiko hura oso emankorra zenik, gero ikusi dugun moduan. Baina orduan gauzak horrela ikusten genituen, eta Larrañagaren lekukotasunak ondo islatzen du orduko giro ideologikoa.
Ideia estrategiko orokorretik jaitsi gaitezen Tolosaldeko egoera soziolinguistiko zehatzera. Larrañagak dioenez, «Tolosaldean euskaraz hitz egiten duen jendea, % 65 ingurura iristen bada ere, euskararen erabilera zero ingurura jaisten da: batzarretan, batzordeetan, euskara ez da erabiltzen ez luzatzearren, denborarik ez dagoelako, nahiz eta han dauden langileetatik erdaldunak ehuneko hamar izan, edo gutxiago; kontraesan batean erortzen gara, hortaz; etxeko bizitza, lagunarteko bizitza, herriko bizitza euskaraz, eta laneko bizitza, egunean zortzi-hamar ordu erabat erdaraz. Badirudi lantokian sartzean, gure nortasuna, txamarraren antzera, sarreran uzten dugula eta han gauden bitartean ez garela euskaldunak».
Iñaki Larrañaga: «Zein hizkuntza erabili behar den ez du norbanakoak erabakitzen, ez da pertsonaren esku dagoen zerbait»
Orduko egoera ikusita, euskaltzaleon ustea, gero ustela atera den ustea, honakoa zen: euskararen erabilera formalak, hots, gizartearen egitura eta esparru sozial eta kultural formal batzuetan (hezkuntza, administrazioa…) erabiltzeak gure hizkuntza nazionalaren izena eta izana hauspotuko zituela. Orduko helburu batzuk mamituta ikusi ditugunean ohartu gara, ordea, gauzak ez direla horren errazak, eta euskararen erabilera formal ez-hegemonikoak ez duela behar genuen iraultza soziolinguistikorik ekarri. Are okerrago, orduko erabilera informal arrunt egunerokoak indarra galdu du eremu formaletako aurrerapenak gorabehera.
Ezin bukatuko dugu Larrañagak behin eta berriz azpimarratzen ziguna aipatu gabe: «Zein hizkuntza erabili behar den ez du norbanakoak erabakitzen, ez da pertsonaren esku dagoen zerbait. Sozialki eragiten duten mekanismoen baitan dago erabileraren gako nagusia».