Ez da sagarrik falta sagastietan. Sagar urtea da aurtengoa, eta makina bat sagarrondo daude sagarren pisuari eutsi ezin, eta adarrak puskatuta. Era berean, sagarrak lurra estaliz ikus daitezke sagastietan.
Sagardotarako sagarrek epe laburra izaten dute, eta usteldu aurretik bildu behar izaten dira sagardotegietara eraman ahal izateko. Euskal sagarrekin euskal sagardoa egiten dute, eta azken urteetan bultzada izan du, eta gero eta sagardotegi gehiagok egin du bertako sagarraren aldeko apustua. Bertako sagarra izateko ekoizleak ere behar dira, eta horietako bat da Felix San Sebastian altzotarra. Zuaznabar Barrena baserriko zelaietan ditu sagarrondoak landatuta; 40 bat mota ezberdineko euskal sagarrondoak ditu.
«GEHIEGIZKO UZTA»
Aurtengo urtea bikaina, baina «gehiegizko» moduan baloratu du ekoizleak. «Gure helburuetako bat uztak izaten duen desoreka orekatzea da; ez dadila izan urte batean ezer edo oso gutxi, eta hurrengo urtean izugarri». «Izugarria denean lan karga handia da, adarrak hautsi egiten dira, arazoa dago merkatuan. Edozein baserritarrek sagar asko duenean, alde guztietan dago sagarra eta kosta egiten da saltzea».
Fruitel elkartetik uzta desoreka kentzeko lanean ari direla kontatu du: «Asko denean gutxiago eman dezala, eta gutxi denean gehiago eman dezala lortu nahi dugu». Ikerketak egiten ari dira, hiru tokitan, eta besteak beste, Villabona eta Tolosako bi lursailetan. Euskal sagarrak ez direla asko ikertu, eta lan horretan ari dira.
PROIEKTU BERRIAK
Altzoko Handia jaio zeneko baserri inguruko terrenoak alokairuan hartzeko aukera izan zuen duela bi urte, eta bertan beste proiektu bat hasi du. Modu ezberdinean landatu baditu ere, sagardo sagarra ekoizteko sagarrondoak dira. Oraindik oso gazteak dira, eta pare bat urtera espero du fruituak jasotzen hastea. «Sagarrondo horiek txikiagoak dira, azkarrago hasten dira ematen, eta egitura bat dute mahatsaren antzera. Hesi formazioa deitzen den sistema da», azaldu du San Sebastianek. Abantaila duela aipatu du mekanizatuta lan egin daitekeelako: «Traktoreekin lan asko aurreratzen duzu, eta eskulan asko kentzen duzu».
Orain, egun hauetan sagarrak biltzen ari diren sagastiak ezberdinak dira. Zuhaitzak handiagoak dira, «epea luzeagoan hasten dira sagarrak ematen, eta bizi luzeagoa dute sagarrondo horiek, beste sistema bat da eta esku lan gehiago eskatzen du».