Argazkia eta bertsoa lotuz

Altzo da lehiaketarako gaia.

Altzon I. Argazki-Bertso Lehiaketa antolatu dute; bi fase izango ditu lehiaketak, eta argazkiak aurkezteko epea zabalik dago.

Altzoko Udalak, Kultura batzordearekin eta emakume taldearekin batera, I. Argazki-Bertso Lehiaketa antolatu du. Laguntzaile izan dituzte Altzoko Ostatua eta Sabekoetxea-Behieko esnekiak, eta bi fase ditu lehiaketak. Dagoeneko martxan da lehena, eta Altzo da gaia.

Pertsona bakoitzak gehienez ere hiru argazki aurkeztu ahalko ditu. JPG formatuan bidali beharko dira, eta gehienez ere 5 megako pisua izan beharko dute. Argazki bakoitzari izen bat jarri beharko zaio, eta kultura@altzo.eus helbide elektronikora bidali beharko da, izen-abizenak eta telefono zenbaki bat zehaztuz. Urriaren 1a da azken eguna.

Epaimahaiak 30 argazki sailkatuak aukeratu beharko ditu, eta horiek guztiak urriaren 8an emango dituzte ezagutzera Altzo.eus web orrian. Gero etorriko da bertsoen txanda. Bertsoa edo bertsoak idatzi nahi dituenak, webgunetik argazkia aukeratu beharko du; gehienez ere hiru argazki. Aukeratutako argazki bakoitzari bertso bat edo bi jarriko dizkio nahi duen neurrian. Kasu honetan ere, kultura@altzo.eus helbide elektronikora bidali beharko dira, aukeratutako argazkiak duen zenbakia adieraziz, eta baita egilearen izen-abizenak eta telefono zenbakia ere. Bertsoak idazteko epea urriaren 11tik 29ra bitartekoa izango da.

SARI ERAKARGARRIAK

Azaroaren 12an emango dute sarituen berri web orri bidez, eta sari banaketa abenduaren 3an egingo dute. Epaimahaiak hautatutako 13 argazki-bertso multzo bakoitzak 2022ko Altzoko egutegiko orri bat izango du.

Argazki-bertso multzo onenaren bi egileetako bakoitzak 200 euro eta bi pertsonarentzako otordua Altzoko Ostatuan eskuratuko ditu, eta baita egutegiaren azala ere. Gainerako 12 bikoteen artean sariak zozkatuko dituzte: 50 euroko bi sari Elkar dendetan erabiltzeko; bi pertsonarentzako Altzoko Handiaren ibilbide gidatua eta Altzoko Ostatuan hamaiketakoa egiteko bi sari; ATARIA-k antolatutako bertso-jaialdirako bina sarrera; eta Behieko markako bi produktu-sorta. Berdintasun Sari Berezia ere banatuko dute, eta ikuskizun baterako bina sarrera eta egutegiaren martxoko orria da saria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!