«Edonork parte hartu dezake, eta gehienez ere hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu»

Urte pare batean argazki rally-a egina dute Altzon, eta azken bi urteetan egin gabe geratu dira. Karmen Murua da Kultura zinegotzia, eta aurten berriro berreskuratu nahi izan dutela esan du, urte amaieran, etxez etxe banatzen duten egutegirako argazki horiek baliatzen dituztelako.

Nolatan lotu dituzue argazkilaritza eta bertsolaritza?

Ez atzera ez aurrera gelditu ginen, zeren argazki rallyarena ez zen garbi ikusten, eta definitu ezinik genbiltzan. Justu, iaz, herrira bizitzera etorri zen Joseba Urretabizkaia argazkilaria, eta taldeko batek esan zuen berari komentatuko ziola. Orduan, Joseba etorri zitzaigun proposamen berritzaile batekin. Altzon bertsolaritzak pisu handia duela edo asko lantzen den gaia dela eta, zergatik ez genituen bi gauzak lotzen. Hortik sortu zen ideia. Harituz elkarteko Haritz Mujikarekin ere elkartu ginen nola ikusten ote zuten eta nola planteatu genezakeen hitz egiteko, eta beraiekin kontatzen dugu ikasleen artean zabaltzeko.

Hilabeteetako lana dago, beraz, atzean?

Bai. Udaberri aldera hasi ginen guztia antolatzen. Aurreko ikasturtean egiteko denborarik ez genuela izango ikusi genuen. Oinarriak idatzi, deialdiak egin... Udazkenerako uztea pentsatu genuen.

Jada martxan jarri duzue, eta bi fase izango ditu.

Lehen fasea ireki da argazkiak egiteko. Edonork parte hartu dezake, eta gehienez ere hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu. Argazkigintzan eta artearen bueltan dabiltzan herriko adituekin osatu dugu epaimahaia, eta horiek aukeratuko dituzte 30 argazki. Argazki horiek webgunean jarriko ditugu ikusgai. Orduan, bertsoa idatzi nahi duenak, horietako argazki bat aukeratu beharko du, eta argazki horri idatzi beharko dizkio bertso bat edo bi.

Irekia da orduan.

Bai. Bat edo bi idatzi beharko ditu nahi duen neurri eta doinuan. Eta hau bigarren fasea izango litzateke. Honek esan nahi du, argazkia ateratzen duenak ez duela zertan bertsoa idatzi, eta bertsoa idazten duenak ere ez du zertan argazkia atera. Eta bi gauzak egin nahi dituenak aukera izango du. Bertsorik onenak ere herriko zaletu talde batek aukeratuko ditu.

Herritarrentzat bakarrik da?

Ez. Gure asmoa Tolosaldera zabaltzea da.

Zer baloratuko da?

Irabazlea bi gauzak uztartuta puntuazio gehiena lortzen duen bikotea izango da. Generoaren ikuspegia ere baloratuko da, eta sari berezi bat egongo da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!