Altzoko Handiaren aztarnei buruz

Erabiltzailearen aurpegia Karlos Almorza 2021ko abu. 13a, 07:59

TOLOSALDEKO ATARIAk eskatu dit Migel Joakin Eleizegi Altzoko Handiaren gorpuaren aurkikuntzari buruzko artikulu bat idazteko.

Jakina denez, Aranzadi zientzia elkartearen lan talde batek egindako auzolanari esker lortu da jakitea Altzoko Handiaren gorpua beti egon dela Altzoazpiko hilerrian. 

Oso deigarria bada ere, Altzoko Handiaren hezurren aurkikuntza ez zen izan ikerketa historiko baten emaitza. Ez zen izan goi mailako txosten zientifiko sakon baten ondorioa, batik bat aurreko horrelako txosten zientifikorik ez zelako egin. 

Horrelako zerbaiten sentsazioarekin geratu nintzen Altzoko Handiari buruz entzundakoarekin herrira memoria historikoari buruzko lan bat egitera joandakoan, iazko ekainaren 10ean. Han egon nintzen lanean uztailaren 15era arte, ondoan koadro galant hau nuelarik.

Altzoko udalekoek lan atsedena kafea hartuaz egiten zuten, eta ni beraiekin egoten nintzen egunero, horrela Handiari buruz gaia atera zelarik. Hemen beraien izenak: Txomin Rezola (alkatea), Karmen Murua (zinegotzia), Lorena Uriarte (zinegotzia), Eider Azurmendi, Olga Urbizu, Joxe Manuel Murua, Miren Balerdi eta Joxe Mari Zinkunegi. Pertsona hauek Altzoko Handiari buruz esandakoarekin bideratu nuen egindako txostena.

Hauei Altzoko Handiaren hezurrei gertatutakoaz galdetu eta entzun nien behin eta berriro errepikatzen zen guztia: hezurrak hilerritik ostu egin zituztela; saldu egin zituztela; Handia filmean ikusten zena; Madrilen zeudela, Parisen, Londresen… eta galdetuta ea norbaitek ba ote zuen froga txikiena bertsio hauetako baten bat egia zela baieztatzeko, erantzuna beti bera zen: inork, inon eta inoiz ez zuela datu txikiena esandakoa baieztatzeko. 

Kafe baten aurrean egindako elkarrizketetan entzundakoak izan ziren txosten honen datuak. Eta horrela hipotesia baieztatu zen, alegia, dena hasierako gezur batek sortutako bertsioak zirela. Gauzak horrela, Altzoazpiko hilerrira jaitsi uztailaren 1ean eta hauek izan ziren ateratako aurreneko argazkiak. 

Alde batetik, Altzoko Handia lurperatu zuten lekua genuen. Hona hemen bere heriotza agiria:

Beste aldetik hezurrei gertatutakoaren gaineko istorioak zeuden, inongo fundamenturik ez zutenak. Horregatik, 2020ko uztailaren 23ko txostena horrela idatzita dago:

Hilerria abandonatuta dago, eta bertan hamarren bat hilobi eta hezurtegia soilik aurkitzen dira. Hurrengo argazkian batetik geziarekin hezurtegia seinalatzen da eta bestetik laukizuzen gorriarekin Migel Joakin Eleizegi Ateagaren familia lurperatuta dagoen tokiaren perimetroa adierazten da

Gezurrean oinarritutako egia

2017ko Handia filmak alde batetik, eta bestetik Altzoko Handiari buruz argitaratutako liburu batzuek, eztabaida berpiztu dute ea 160 urteren ondoren Migel Joakin Eleizegi Ateagaren gorpuaren aztarnak oraindik Altzoazpiko hilerrian dauden, edo,  aitzitik  – zurrumurru batzuek dioten bezala –,  haren gorpuzkiak ostu ote zituzten, helburu gaiztoren batekin. Labur esateko, Altzoko Udalak egiten duen galdera honi erantzun behar diogu.

Aranzadi Zientzia Elkarteko Juantxo Agirre Mauleonekin hitz egin genuen, eta honek Paco Etxeberria eta Lourdes Herrastirengana bideratu gintuen; ohiko protokoloa martxan jarri, Handiaren familia eta lagunak abisatu, eta lanak egiteko prest utzi genituen.

Horrela Aranzadiko kide hauen esku utziaz bagenekien lana esku onetan zegoela. Ea Aranzadikoek Handiaren hezurrei buruz egingo duten txostenak zer dioen, baina ziur ondo egindakoa izango dela. 

Jakina denez 2020ko abuztuaren 14ean aurkitu zen Altzoko Handiaren gorpua

Bukatzeko, azken 160 urte hauetan Handiaren gorpuari gertatukoari buruz irakurketa zintzoa eta txukuna egin beharra dago, guztiz zientifikoa. Eta honek, gaur, uztartu behar ditu bi gauza: 

  • Alde batetik, onartu Handiaren gorpua egon behar zen lekuan zegoela, berak eskatu bezala.
  • Eta, bestetik, Handiaren hezurren gainean gauza asko ikusi eta esan badira ere, azpimarratu behar da Handiaren familiakoek oraindik diotena. Beti entzun zutela etxean, hilerrian hildako berriak lurperatzeko lekua behar zela eta, Handiaren gorpua ateratzera joan zirenean -hil berria sartzeko-, han ez zegoela Handiaren gorpua, ez zegoela ezer.

Joakin Eleizegi Ateaga Altzoko Handiaren gorpuak asko balio zuen hil ondoren ere. Munduko gizon handiena edozein museotan erakusteko modukoa zen, eta ziur behin baino gehiagotan jaso zituela eskaintzak. Garbi esaten zuen bere herrian geratu nahi zuela.

Ziurrenik horregatik aldatu zuen Handiak bere testamentua bere aitaren alde hil baino bi aste lehenago, 1861ean. Aitak emango zion hitza, bera oinordeko nagusia zen bitartean inork ez zuela salduko bere gorpua museo batean erakusteko. XIX. mendean oso ezagunak ziren Europako museotarako munduan zehar egindako lapurretak. 

Altzoko Handiaren aita 11 urte beranduago hil zen, 1872an, eta, ziurrenik, bera izan zen engainu guztia prestatu zuena. Handiaren hezurrak saldu nahi ez, eta lapurtuko zituztenaren beldur, aita hil zenean, Handiaren hezurrak lurperatuta zeuden kaxatik atera, txukun txukun hezurtegian utzi, eta tapatu egin zituzten.

Eta pertsona hauek izan ziren, hurrengo egunean Handiaren aitaren gorpua Altzoazpiko hilerria lurperatzera ekarritako familiakoei esan zietenak, hilobian lekua egitera joan zirenenean, han ez zegoela Handiaren gorpurik.

Altzoko Handiaren gorpua lapurrengatik babesteko lekualdatu zuten, gorpua Altzoazpiko hilerrian gera zedin berak nahi izan zuen bezala. Gezurrean oinarritutako egia bilakatu zen, hurrengo 160 urtetan hilerrira joan eta Altzoko Handiaren gorpua han zegoela inori ez bururatzeko modukoa. 


Karlos Almorza Arrieta Historian Doktorea 















Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!