ARGAZKI GALERIA

Altzoko artista txiki handiak

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko abuztuaren 1a

Altzoko gazteak izan dira gaur goizean protagonista. Bost musikarik eta Artea dantza taldeko dantzariek ikuskizun ederra eskaini dute.

Uda Giro ekitaldi sortaren barruan, gaur, Altzon dantza ikuskizuna izan da. Herriko musikari gazteek eta dantzariek ikuskizun bikaina eskaini dute. Altzotarrek artista sena badutela erakutsi dute.

Lehen aldiz, herriko musikariek musika zuzenean jo diete dantzariei. Lan hori hartu dute Jokin Olano, Xabier Murua, Oihane Artola, Izaro Olano eta Naroa Olanok. Musikaren erritmora, berriz, hankak arin dantzatu dituzte Artea dantza taldeko altzotarrek. Txikienetatik hasi eta helduenetara guztiak pasa dira oholtza gainetik.

Zuzeneko abestiekin hasi da ikuskizuna, eta jarraian batu zaizkie Artea dantza taldeko dantzariak. Txalo zaparrada bikainak jaso dituzte ikusleen aldetik.

Gaurkoarekin, San Inazio festen inguruko ekitaldiak bukatu dituzte, eta eskolan jarritako oholtza kentzeko eguna izan dute, baina oraindik ere abuztuan badute ekitaldirik. Abuztuaren 25etik 31ra bitartean, Nomada Studioko Eli eta Carlos argazkilariek bisita egingo diote Altzori. Autokarabanan gerturatuko dira, eta herritar bakoitzari erretratu bana egiteko intentzioa izango dute. Bertan, parte hartzaile bakoitzari erretratu profesional bat oparituko zaio.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!