Koronabirusa

"Inork ez dit kentzen bizitakoa"

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko mar. 26a, 10:37

Urtarrilean joan zen Indonesiara irakasle lanak egitera Maddi Amiano altzotarra, baina koronabirusa tarteko, eta kostata bada ere, bidaiaren erdian etxera itzuli behar izan du.

Martxoaren 15ean jaso zuten Indonesian etxeratzeko agindua, baina zailtasunez betetako astea bizitu behar izan du Maddi Amiano Allue altzotarrak, beste hainbatekin batera. Astelehenean iritsi zen Altzora.

«Igandean izan genuen hegaldiak behar bezala egin zuen bidaia. Denpasarretik (Indonesia) Dohara, eta Dohatik Madrilera. Jarraian tren bat hartu genuen Euskal Herrira iristeko», kontatu du Amianok. «Ez dugu laguntzarik izan. Geure kabuz mugitu gara, eta gure egoera berean zegoen jendearekin hitz egitea izan da laguntzarik onena. Egoera ezezagun honetan bidea denen artean aurkitzea bezalakorik ez dago eta», gaineratu du. Eta gogoan ditu oraindik, «ez dut ahazterik nahi, guk bueltatzeko aukera izan dugun moduan, jende asko dagoela oraindik ere etortzeko saiakera egin eta ezinean. Egoera horrek erantzuleren bat izan behar du…».

Indonesiako nazioarteko eskola batean irakasle aritu da 27 urteko altzotarra. Indonesiara urtarrilean iritsi zen, eta printzipioz sei hilabeteko egonaldia egiteko intentzioarekin joana zen; curriculum internazionala duen Baliko ikastetxe batean irakasle moduan aritzeko, hain zuzen ere. «Espainiako enbaxadak etxera bueltatzeko agindua eman zigun Espainian bertan alarma piztu zen lehen momentutik. Ofizialki guretzat martxoaren 15ean izan zen», dio.

Azken egunak oso luzeak izan dira Amianorentzat, «momentu guztian informazio berriaren menpe geunden. Inork ez zigun ezer ziurtatzen. Ez Eusko Jaurlaritzak, ez Espainiako Enbaxadak eta are gutxiago hegaldi konpainiek. Han gelditzeko aukera ere planteatu genuen, baina aurreikuspenek diote Indonesian okerrena iristear dagoela». Maiatzean eguneko 4.000 infektatu espero dituzte. «Aurreikuspenak dio egoera hilabete barru larriagotuko dela. Indonesiako gobernuak onartu du baliabide nahikoa ez duen herrialdea dela horrelako pandemia bati aurre egin ahal izateko. Eta noski, populazio altua izateak eta populazioa irla ezberdinetan bananduta egoteak baliabideak iristeko aukera mugatzen du», jarraitzen du.

Bertakoez galdetuta, «pixkanaka jendartea geroz eta gehiago larritzen hasi da. Koronabirusaren aurrean jendea kezkatzen hasi da, baina oraindik ez dituzte higiene eta segurtasun neurri eraginkorrak martxan jarri, gobernuak ez baitu momentuz egoera larritzat hartu. Ni bizi ninitzen uhartean adibidez, (Bali) irabazien %80a turismotik dator, eta honen eraginez, lana galtzeko aukerez kezkaturik daude asko».

Okerrena iristear dagoenaren aurreikuspenek jartzen dituela urduri herritarrak adierazi du Amianok: «Ikastetxeak itxita daude, pixkanaka komertzio ezberdinek ateak itxi dituzte eta Indonesiako irlen arteko joan-etorria debekatuta dago. Baina, herrialdeak dituen ospitale gutxietan ohe kopurua betetzen hasi da».

ESPERIENTZIA ZORAGARRIA

Gustura hartu du Altzoko etxea. «Bueltan etxean egon beharko genuela bagenekien, eta aurretik izan dugun aste gorabeheratsuarekin lehen egunak behintzat gaizki ez datozkigu». Aho zapore onarekin itzuli da: «Zorionez, Indonesian oraindik egoera erabat larria ez denean egin dugu buelta. Horrek eragin du, herrialdearekiko oroitzapen paregabearekin bueltatzea eta bizitako esperientziarekiko oso pozik egotea».

Hona iristean berriz, «egoera uste genuen modukoa dela jabetu gara. Indonesiatik bertatik, komunikabideen, familiaren edota lagunen bitartez informazio ugari jaso dugu. Eta horrek ere bultzatu gintuen hona buelta egitera. Hori bai, bagenekien kaleak hutsak aurkituko genituela, baina ikusteak beste inpresio bat ematen du».

Gustura dago bizi izan duenarekin, eta pribilegiatua sentitzen da Asian pasatako hiru hilabeteengatik. «Gazi gozoa azken astea baino ez da izan. Egia da, herrialdean egokitzen hasiak ginela, eta txoko kuttunak eta jende interesgarria ezagutu bezain laster buelta egitea suertatu zaigula. Baina hori, bizitakoa ez digu inork kentzen».

Nahiz eta bidaiaren erdian etxera itzuli beharra suertatu, «esperientzia zoragarria izan da. Indonesia oso herrialde aberatsa da arlo kulturalean. Paisaia eta naturaz gozatzeko aukera paregabeak ditu eta jendea oso atsegina da», dio gazteak, eta itxaropentsuarekin bukatzen du: «Suertatu zaigun egoeran, familia eta lagunengandik gertuago egotea lehenetsi badugu ere, ez dugu deskartatzen etorkizunean bisitaren bat egitera bueltatzea».

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!