Pasa den igandean, martxoaren 15ean, euren herrialdeetara "ahalik eta azkerren" itzultzeko agindua jaso zuten. Ordutik, egunak oso luzeak ari dira izaten sorterrira bueltatzen saiatzen ari diren horientzat. Hegazkin konpainiek eguneko hegaldi kopuru oso altu bat bertan behera uzten ari dira eta ateratzen dituzten berriek prezio ordainezinak dituztela salatzen du Maddi Amiano altzotarrak.
Momentuz Eusko Jaurlaritzaren edota Espainiako Gobernuaren aldetik irtenbiderik ez dutela jaso salatzen du Amianok.
Indonesian zaude, ezin etxera itzuli, zer informazio jaso duzu Espainiako enbaxadatik?
Espainiako enbaxadak etxera bueltatzeko agindua eman zigun Espainian bertan alarma piztu zen lehen momentutik. Ofizialki guretzat martxoaren 15ean izan zen. Ordutik, bueltarako bidea martxan jarri genuen baina oraindik ez dugu etxera itzultzea lortu.
Noiztik zaude Indonesian, zer dela eta? Eta noiz zinen itzultzekoa?
Indonesiara urtarrilean iritsi ginen, eta printzipioz sei hilabeteko egonaldia egiteko intentzioa genuen. Curriculum internazionala duen Baliko ikastetxe batean irakasle moduan aritzeko, hain zuzen ere.
Asko zaudete egoera horretan?
Datuak izugarriak dira, 260 espainiarretik gora dago Indonesian aurrera egin ezean.
Guri dagoeneko hiru hegaldi atzera bota dizkigute eta printzipioz igandean dugu hurrengo aukera. Ziurgabetasuna izugarria da, izan ere, ezeztatzen den hegaldi kopurua oso handia da eguneko. Hegaldi hori aurrera atera ezean, beste bat erostera derrigortuta egongo ginateke eta xahutzen ari garen diru kantitatea izugarria da.
Nola ari zarete moldatzen?
Azken egunak oso luzeak izaten ari dira, momentu oro informazio berriaren menpe gaude. Inork ez digu ezer ziurtatzen. Ez Eusko Jaurlaritzak, ez Espainiako Enbaxadak eta are gutxiago hegaldi konpainiek. Hemen gelditzeko aukera ere planteatu genuen, baina aurreikuspenek diote Indonesian okerrena iristear dagoela (Esaterako, maiatzean eguneko 4.000 infektatu espero dituzte).
Zein egoera bizi du Indonesiak koronabirusari dagokionez?
Egunerokotasunean pixkanaka aldaketak sumatzen dira. Astelehenetik ikastetxeak itxita daude, pixkanaka komertzio ezberdinek ateak itxi dituzte eta Indonesiako irlen arteko joan-etorria debekatuta dago. Gainera, herrialdeak dituen ospitale gutxietan ohe kopurua betetzen hasi da. Okerrena iristear dagoenaren aurreikuspenek jartzen ditu urduri herritarrak.
Txinan egoera egonkortzea lortu dute, eta orain epidemiaren epizentroa Europan dago, eta hemen ere, neurri zorrotzak ezarri dituzte zabalkundea kontrolatzeko. Zer gertatuko litzateke Indonesian zabalduko balitz? Munduko laugarren herrialderik jendetsuena da…
Aurreikuspenak dio egoera hilabete barru larriagotuko dela hemen. Indonesiako gobernuak onartu du baliabide nahikoa ez duen herrialdea dela horrelako pandemia bati aurre egin ahal izateko. Eta noski, populazio altua izateak eta populazioa irla ezberdinetan bananduta egoteak baliabideak iristeko aukera mugatzen du.
Nola ikusten dituzu bertako herritarrak?
Pixkanaka jendartea geroz eta gehiago larritzen hasi da. Koronabirusaren aurrean jendea kezkatzen hasi da baina oraindik ez dira higiene eta segurtasun neurri eraginkorrak martxan jarri, gobernuak ez baitu momentuz egoera larritzat hartu. Ni bizi naizen uhartean adibidez, (Bali) irabazien %80a turismotik dator, eta honen eraginez, lana galtzeko aukerez kezkaturik daude asko.
Europan, Txinan edota Iranen koronabirusari heltzeko, ez sozializatzeko neurriak ezarri dituzte –etxean geratu, eskolak eten, pertsonak isolatu–. Neurri horiek posible ikusten dituzu han?
Neurriak zorrotz ezartzen diren momentutik edozein herrialdetan aurrera eraman daitezkeela uste dut. Baina horretarako, gizartearen kontzientzia eta autoritateen erabaki zorrotzak falta dira, hemen, oraindik.
Nola ikusten duzu kanpotik Europako egoera?
Bistan da egoera larria dela, eta denen esfortzu eta ahalegina behar dela ahalik eta jende gutxien kutsatzeko. Lanean dauden profesional guztien esfortzuak eta herritar konprometituak behar-beharrezkoak izango dira isolamenduari aurre egiteko.
Zein sentsazio duzu? Nola zaude?
Garrantzitsua da hemen gauden guztion amorrua helaraztea. Indonesiatik ateratzeko trabak dituzten espainiarren kopurua 260ra heldu da. Beste batzuk bide erdian trabatuta daude, adibidez Singapur, Turkia edota Dohako aireportuetan, besteak beste. Badira bisa berritu ezinagatik egunerokotasunean isunak ordaintzen ari direnak ere. Eta baita opor batzuk pasatzera etorri diren familia osoak ere. Bueltatzeko agindua daukagu hemen egoera kontrolaezina izango delakoan baina aldi berean ez daukagu gure herrira iritsiko garen ziurtasunik.
Zer da eskatzen duzuna?
Atzo bertan, Arancha Gonzalez Atzerri ministroak atzerrian dagoen edonori lehenbailehen etxeetara bueltatzeko aukera eta erraztasunak emango zizkigula esan zuen arren, egoerak ez du onera egiten. Bizitzen ari garen ziurgabetasun, informazio zehatz gabe, hegazkin konpainien xantaia ekonomikoak alde batera utzi eta geure herrialdeetara bueltatzeko dugun eskubidea bermatuta nahi dugu berandu baino lehen. Hainbeste pertsonen bizitzarekin jolastea bidegabea baita.