Urtekaria aurkeztuko dute uztailaren 5ean Altzon

Ataria 2019ko ekainaren 28a

'Altzo 2018' urtekaria aurkezteaz gain, Maite Larburu kantautorearen kontzertua izango dute afalostean.

Urtebetean herri batean jasotako albiste, argazki, istorio eta kontuak bildu dituzte beste urte batez Altzon. Hurrengo ostiralean, uztailaren 5ean, erakutsiko dute herritarren aurrean; 19:30ean izango da Altzo 2018 urtekariaren aurkezpen ekitaldia udaletxeko ekintza aretoan.

Egun berean, afalosterako, ordea, beste ekitaldi bat antolatu du Altzoko Udalak: Maite Larburu biolin jotzaile eta kantautoreak emanaldia eskainiko du 22:00etan, Batzarremuñon. Sarrera 5 euro kostatzen da eta momentuan bertan ordaindu beharko da, aretora sartzerakoan.

Maite Larburu hernaniarra Neighbor taldearekin egin zen ezagun, duela sei urte inguru. Azken boladan, ordea, bakarkako ibilbideari ekitea erabaki du, eta Neighborren hirugarren diskoan pentsatuz sortutako abestiak bakarkako bere lehen diskorako erabiltzea erabaki du. Horrela osatu du Hezurren azpian bere lehen bakarkako diskoa. Biolinaz gain, gitarra elektrikoa, gitarra klasikoa eta xilofoia ere jo ditu diskoan. Bere estilo propioan, hitzek sortzen duten melodian eta biolina lagun, euskara hutsean egindako abestiak kantatuko ditu Altzoko Belarmuñoko aretoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!