T3T eta T2T mendi lasterketak 2019

"Nire helburua gozatzera ateratzea da"

Imanol Garcia Landa 2019ko eka. 13a, 19:57

Iñaki Olanok (Altzo, 1988) beste behin parte hartuko du T3T proban. Iaz ibilbide motza aukeratu zuen, T2T, proba irabaziz. Aurten hainbat proba irabazi ditu, tartean, asteburuan egin zen Zaldibiako Mendi Lasterketa.

Nola joan zen irabazi duzun azkena, Zaldibiako Mendi Lasterketa?

Aurreko astetik nentorren, Zegama-Aizkorrin nahiko sufrituta, tripetatik-eta gaizki ibilita, eta aurreko astea errekuperatzen pasa dut. Zaldibiako lasterketa inguruan zenez, Aralarren zehar, itxura polita zuen, eta aspaldidanik nuen begiz jota. Bertara joan nintzen, Zegama-Aizkorriko har hori kentzeko. Lasai joan nintzen, eta gero bigarren eta hirugarren egin zutenak aurretik joan ziren. Nik Ganbo eta Aralar alde horiek ondo ezagutzen ditut zortez, eta banekien denbora zegoela, eta atzetik aurrera joan nintzen, tripak ondo sentitzen nituela-eta, sentsazio onak berreskuratuz.

Ez da irabazi duzun lehenengo proba. Nola joan da denboraldia orain arte?

Aurreko irailean hankeko hezur txiki bat puskatu nuen, eta nahiko buruhauste eman zizkidan. Urtarrila aldera oinarekin normal antzera zapaltzen nuela ikusi nuen, eta Berastegiko Negu Trailera joan nintzen, nola sentitzen nintzen ikustera. Min aldetik gustura, ez nuelako izan, baina formaz oso baxu nengoen. Hortik aurrera, dena hobeto joan zen, eta Urretxun eta Arriaranen hirugarren egin nuen. Ondoren, Larraulen, Gabirian, Seguran Goizuetan eta Zaldibian irabazi ditut lasterketak. Zegama-Aizkorriko arazoak alde batera utzita, oso gustura aurtengoarekin.

T3Trako zer sentsazio dituzu?

Ezagutzen dut, eta hitz handiak dira. Maratoi bat da, desnibel handikoa eta gogorra. Iaz T2T egin nuen, eta berriro T3T egiteko gogoa nuen. Egia da maratoiak errespetua ematen didala, eta nire helburua gozatzera ateratzea izango da. Denboraldia amaitzen ari da, karrera asko ditut hanketan, eta nahiago dut sentsazio onekin bukatu. Lasai aterako naiz, eta sentsazioen arabera joango naiz. Lasterketaren erditik aurrera badago non eman.

Ez duzu, beraz, posturen bat buruan.

T3T proban parte hartzen dutenak maila jakin bat dutenak dira. Gainera, aurten Euskal Herriko Txapelketa izango da, eta parte hartzaileen artean ikusi ditut izen indartsu batzuk, nire aldean onak direnak. Ez noa irabazteko edo podiuma egiteko asmoarekin; hankak lurrean izan behar dira. Hassan Ait Chaou, Beñat Katarain eta Xabi Lete hor aurrean lehian izango direla pentsatzen dut.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!