«Emanaldi honetan nik erabaki dut zer eta nola biluziko naizen»

Imanol Garcia Landa 2018ko abe. 20a, 09:41
Argazkia: Aritz Mutiozabal / Urola Kostako Hitza

Olentzerotan Jakin-Minez kultur egitarauaren barruan Andoni Egañak Neretik emanaldia estreinatuko du, Jon Ostolaza soinu jotzailearekin batera. Bihar izango da ekitaldia, 19:00etan, Batzarremuñon, eta sarrerak bost euro balio ditu. Berak idatzitako bertsoak abestuko ditu. Gatazka, bere erretzailetasuna, umetako kontuak... izango ditu kantagai.

Nola sortu zen 'Neretik' ikuskizuna egitearen ideia?

Neure ideia izan zen. Azken boladan saio dezente egiten ari naiz, saio bereziak esan dezagun, beti ere norbaiten ideia direnak, edo norbaitek laguntzeko eskatuta. Eta hau neuk pentsatu nuen, alegia, nire bertso jarrien emanaldi bat egitea, eta bertso jarri horiek izan zitezela gehienak niretik sortuak, ez enkarguz norbaitek eskatutakoa. Lankurekin, Bertsozale Elkartetik dugun enpresarekin, harremanetan jarri, eta erabaki genuen aurrera egitea.

Eta zergatik bertso jarriak edo bertso paperak taularatzea?

Bertso paperek azken urte luzeetan ez dutelako lehen zuten garrantziarik. Denok dakigu orain dela ehun urte bertso paperak oso garrantzitsuak zirela. Batetik, informazioa trukatzen zelako. Eta bestetik, familia osoarentzako kantu eta jolas motibo izaten zelako. Feriara joan, bertso paperak erosi, etxera bueltatu, eta familia osoak kantatzen zuen buruz ikasi arte. Gaur egun informazioa mila iturrietatik datorkigu, eta badirudi gure jolasak ez doazela hortik. Bertso paperen funtzioa nahiko kolokan geratu dela esango nuke.

Hutsune bat betetzeko asmoz sortu da, beraz, emanaldia?

Ez nuke esango inoren edo ezeren hutsunea bete nahiko nukeenik. Baina banituen gauzak esateko, eta askotan modu hori egokia izan daiteke. Egia da desberdinak direla bertso paperak eta bertso jarriak. Nik asmatutako terminologia da eta bereizketa ere nik asmatutakoa da. Esango nuke batzuk direla lehiaketa batera aurkeztu eta lasai irakurri ahal izatekoak, eta beste batzuk jende aurrean kantatzekoak, kontsumoa bat-batekoa dutenak. Eta gehiago jo dut bigarren bide horretatik, jakina, jende aurrean kantatzeko direlako. Ez dira hamabost bertsotako sortak, sei-zortzikoak baizik, hamarrekoak gehienez.

Ez da, beraz, inolako inprobisaziorik izango.

Ez, ez, bestela ere egiten dugu nahikoa. Egun horretan eta emanaldi horretan ez dut inprobisatuko, bertso jarriak izango dira.

Buruz ikasita eramango dituzu?

Ez, paperetik irakurrita. Bertsolariak oso alferrak garela esan behar nuen, baina ez noa orokortzera; ni behintzat oso alferra naiz. Neuk idatzitako letrak neuk buruz ikastea... bai zera! Paperetik irakurrita izango da: garbi geratu dadila ez naizela inprobisatzen ari. Gustatzen zait inprobisatzen ez naizenean ari paperak bistan izatea jendeak bereizi dezan.

Zurekin zerikusia duten gaiak abestuko dituzu. Nolabait publiko aurrean biluzi egingo zara.

Egia da; beste modu bat izango da biluztekoa. Nik uste dut jende aurrean sarri gabiltzanok, sarri egiten dugula biluzte ariketa. Baina askotan besteek gaia emanda izaten da, eta besteek aginduta, biluzteko modua. Honetan neuk erabaki dut gutxienez zer eta nola biluziko naizen.

Zer gai jorratuko dituzu?

Denetik dago. Gatazkari buruzko nire ikuspegi metonimiko batetik hasi, edo nire erretzailetasunari buruz, edo nola erabaki nuen lanpostua utzi eta sormenera dedikatzea, edo nire umetako kontuak... Hamar-hamabi gai ezberdin izango dira.

Eta zergatik izango da Altzon estreinaldia?

Hala proposatu zidatelako Lankutik. Lankun nirekin lankidetzan ari den pertsona Altzon bizi da, Altzo ezagutzen du eta bazekien Altzon lehen ere askotan izan naizela, eta pentsatu genuen ez dela toki txarra, alegia, ona dela. Eta Altzok badu zerbait. Xabier Amurizaren azken saioa bertan izan zen, Joseba Tapiak gauzak estreinatu izan ditu...

Emanaldian zure ondoan izango da Jon Ostolaza soinujolea.

Berarekin tarteka lan egin izan dut, abestiren bat-eta. Konfiantza neukan eta galdetu nion ea lagunduko zidan abenturatxo honetan eta baiezkoa esan zidan, eta hor goaz.

Ze ekarpen egingo du?

Berak nagusiki nire testuei indarra emango die musika sortzen, edo bertso doinuak musikatzen, eta bertso batetik besterako pasarteak egiten ariko da.

Gai batetik bestera pasatzerakoan, beraz, hitz egingo duzu.

Bai, gaiak komentatuko ditut. Bertso paperek ez bezala, bertso jarriek ematen dute aukera jendeari gauzaren batzuk esplikatzeko. Bestela ulertzeko zailak izan litezkeenak idatzi ditzakezu horrela, aurrez minutu batean esplikatzen baduzu sorta hori horregatik eta honegatik idatzi nuen, izen hau honegatik sartu nuen, eta dudak dauzkat baina azken bertso horrela egin dut... Horrek ere ematen du aukera testua ezberdina izan dadin.

Doinuetan zer aukeraketa egin duzu?

Ohiko bertso doinuak izango dira. Bertsolariak aspertu egiten gara berdina egin behar badugu. Orduan, zenbat eta desberdinago egin hobe, eta aurrerantzean ikuskizun honekin jarraitzen badugu, eta pentsatzen dut jarraituko dugula, ikusiko genuke zer doinu berri, ze doinu aldaketa, ze gai aldaketa eta abar egingo ditugun.

Diozunez, gaiak ere aldatuko dituzu?.

Lehen aipatu moduan, bertsolariak beti berdina egiten aspertu egiten gara. Ikusiko dugu lehenengo honetan zer gaik funtzionatzen duten, eta ze gaik gutxiago, eta orduan batzuk kendu eta beste berri batzuk egin... Hori lan polita izaten da guretzat.

Erlazionatuak

Olentzerotan Jakin-minez, igandetik aurrera

Imanol Garcia Landa 2018 abe 05 Altzo

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!