Olentzerotan Jakin-minez, igandetik aurrera

Imanol Garcia Landa 2018ko abe. 5a, 10:00

Azokarekin hasi eta abenduaren 30era bitarte, egitarau oparoa prestatu dute Olentzerotan Jakin-minez kultur ekitaldi sortaren bidez.

Hirugarren urtea izango da aurtengoa azokarentzat, eta urtero postu kopurua handitzen doa. Berrogei postu izango dira igandean herriko plazan jarriko direnak. «Postu asko dira», esan du Lurdes Murua Kultura zinegotziak, eta artisautza hartzen ari den lekua nabarmendu du: «Badago jendea ere deitu duena azokan parte hartzeko. Azpimarratzekoa da ere askotariko produktuak izango direla salgai: sagarrak, loreak, esnekiak, ardoa, gazta, olioa, bertako barazkiak, eztia, mondejuak, ahatekiak, gozoak... Horrez gain, hainbat artisautza mota erakutsi eta salduko dira».

Herritarrek ere parte hartuko dute azokan. Dozena bat postu izango dira, eta horietatik lau eskulanenak. Herriko eskolak ere bere txokoa izango du, eskulanekin, eta biltzen duen dirua Saharara bideratuko dute proiektu baten bidez. Gazteek taberna jarriko dute, eta hainbat alegiarrek, berriz, arrakasta handia izaten duen talo postua izango dute. «Oso giro polita sortzen da eta jendeari gonbita egiten diogu azokara etortzeko», esan du Muruak.

Azokaren ondoren, ekitaldi sorta izango da, ia egunero, abenduaren 14tik 22ra. Berritasunen artean I. Bideomaratoi Festa izango da. «Aurretik argazki rallya antolatzen genuen eta aurten aldatzea pentsatu dugu eta bideo lehiaketa jartzea martxan. Ea nola funtzionatzen duen», esan du Muruak. Giza balioen inguruko bideo labur lehiaketa izango da. Taldean egin beharko da bideoa, eta abenduaren 14a baino lehen aurkeztu beharko da Batzarremuñoko liburutegian. Bi maila izango ditu lehiaketak: 12 urtetik beherakoena eta 12 urtetik gorakoena. Abenduaren 22an egingo dira bideoen proiekzioa eta sari banaketa.

Hitzordu berezia izango da abenduaren 15ekoa. Herritarren artean egindako Gure Haundiaren Ibilerak antzerki ibiltariaren bideoa proiektatuko dute eta, ondoren, kantu afaria egingo dute. Mahaiaren bueltan elkartzeko beste aukera talo jatea izango da, urtero arrakasta handia duena.

Bestalde, Altzoko Handia pertsonaia hartuz Koldo Izagirrek idatzi eta Karmele Gorroñok eta Irene Iruretak ilustratu dituzten bi liburu aurkeztuko dituzte. Ekitaldira nahi duen oro joan daiteke, eta egileak bertan izango direnez, liburuak sinatzeko aukera ere izango dela azaldu du Muruak.

Bestalde, Kultura zinegotziak aurtengorako antolatu dituzten bi solasaldiak nabarmendu ditu: «Gaurkotasun handiko gaiak dira. Horietako bat basoei eta bere gaitzei buruz izango da. Bestea, gasolina, gasolioa eta auto elektrikoei buruzkoa. Gainera, auto elektriko bat ekarriko du solasaldiko partaide batek». Horrez gain, Alardearen seme-alabak dokumentala ikusi ahal izango da eta gaia gertutik ezagutzen duten Jaizkibel konpainiako bi kiderekin hitz egiteko aukera ere egongo da.

Ezin ahaztu emanaldiak; Loatzo Musika Eskolakoek emango dute bat, Andoni Egaña bertsolariak Neretik emanaldiaren estreinaldia egingo du, eta haurrei zuzendutako Beldartxo Jatuna ikuskizuna ere egongo da. Ekitaldi sorta bukatzeko, abenduaren 30ean, Et Incarnatus orkestraren emanaldia izango da, elizan.

Hauxe da Olentzerotan Jakin-minez egitasmoaren 2018ko egitaraua:

Abenduak 9, igandea

III. Azoka Eguna, herriko plazan, 10:00etatik 14:00etara. Eguraldi txarra eginez gero, frontoira lekualdatuko dute. Herrian ekoiztutako produktuak izango dira salgai eta ikusgai, baita gonbidatutakoek ekarritakoak ere, bereziki jakiak eta artisau lanak: makilak, ukenduak, belarrak...

Abenduak 14, ostirala

Loatzo Musika Eskolako ikasleen emanaldia, 18:30ean, Batzarremuño kulturgunean. Horrez gain, giza balioen inguruko bideo labur lehiaketa antolatu dute. Taldean egin beharko da bideoa, eta abenduaren 14a baino lehen aurkeztu beharko dira Batzarremuñoko liburutegian. Bi maila izango ditu lehiaketak: 12 urtetik beherakoena eta 12 urtetik gorakoena.

Abenduak 15, larunbata

Gure Haundiaren Ibilerak herri antzerki ibiltariaren bideo-proiekzioa, 19:00etan Batzarremuño Kulturgunean. Izen-ematea Ostatuan. 21:00etan, kantu-afaria izango da Ostatuan. Hauxe da menua: Urdaiazpikoa, askotariko frijituak, txekor saiheskia erreta eta hostopila betea; ura, ardoa, sagardoa eta kafea. Prezioa 22 euro. Txartelak salgai Ostatuan bertan, abenduaren 12ra arte.

Abenduak 17, astelehena

Solasaldia: 'Gasoila, gasolina edo elektrikoa... Nolakoa izango da etorkizuneko ibilgailua eta zein erabilpen izango du?', Jokin Aldazabal, Euskadi Irratiko Ekosfera saioko arduradunaren eta Javier Oskoz, Don Boscoko automozio eta marketing arduradunaren eskutik. 19:00etan Batzarremuñon.

Abenduak 18, asteartea

Hitzaldia: 'Euskal Herriko basoak, gaitzak eta aukerak', Iñaki Aizpuru Naturzaintzako biologoarekin eta Amaia Urkola Gipuzkoako Foru Aldundiko baso-osasun teknikariarekin. 19:00etan Batzarremuñon.

Abenduak 20, osteguna

Koldo Izagirrek idatzitako, eta Karmele Gorroño eta Irene Irureta sortzaileek ilustratutako Altzoko Handiaren inguruko bi liburuen aurkezpena: 'Altzoko Handia eta Kutixiren gezurrak' eta 'Altzoko Handia eta Kutixiren pianoa'. 14:30ean Batzarremuñon.

19:00etan, berriz, Irungo eta Hondarribiako alardeetan emakumeen parte-hartzea jorratzen duen Alardearen seme-alabak dokumentalaren proiekzioa izango da Batzarremuñon. Ondoren, Ixabel Alkain irakaslearekin eta Elizabeth Olaskoa sexologoarekin gaiaren inguruko solasaldia izango da. Biak Jaizkibel konpainiako kideak dira.

Abenduak 21, ostirala

Neretik emanaldiaren estreinaldia, 19:00etan Batzarremuñon. Andoni Egañak bertso musikatuak abestuko ditu, Jon Ostolazak trikitiarekin lagunduta.

Abenduak 22, larunbata

'Beldartxo Jatuna' mikroantzerki ikuskizuna, Didau Antzerki Faktoriaren eskutik. Tximeleta baten istorioa kontatzen du, eta aktoreez gain, txotxongiloak, eta zuzeneko musika izango da. 17:00etan hasiko da emanaldia, Batzarremuñon.

18:30ean, I. Bideomaratoi Festa. Lehiaketara aurkeztu diren bideo guztien proiekzioak eta sari-banaketa ekitaldia.

20:00etatik aurrera, Talo-jatea, Elordi elkartean. Lehenengo haur eta gaztetxoak. 21:00etatik aurrera, berriz, gazte eta helduak. Menua: taloa, hirugiharra, txorizoa, gazta, txokolatea eta gaztainak. Prezioak: haurrek 6 euro, ikasle gazteek 12 euro eta helduek 18.

Abenduak 30, igandea

Et Incarnatus orkestraren emanaldia, 16:30ean, Altzo Muñoko elizan, Azken Mugaren babesarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!