Jakin-mina piztu duen azoka

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abe. 9a, 13:39

Goizean, hirugarren urtez jarraian, Azoka Berezia ospatu dute Altzon. Eguraldiaren aurreikuspenagatik, pena handiz, baina frontoian egin behar izan dute. Hala ere, jendearen erantzuna bikaina izan da, eta antolatzaileak “oso pozik” azaldu dira.

Goizean, Altzoko frontoia txiki geratu da, bertako produktuez osatutako azokaren ospakizunarekin. Guztira, ia 40 postu jarri dituzte, mota guztietakoak. 10:00etan hasi, eta 14:00ak bitarte egon da publikoari irekita, eta eguerdiko 12:00ak aldera hurbildu da jende gehien.

Oso pozik zegoen Manu Olano, azokako antolatzaileetako bat. “Hirugarren urtea da aurtengoa, eta aurreko bi urteetan ere jende ugari gerturatu da. Hala ere, aurten uste dut jende gehiago etorri dela”, aitortu du.

Zapore gazi-gozoa geratu zaie, ordea, eguraldiagatik. “Urtero ibiltzen gara afera horrekin gora eta behera, eta aurten ere azken unera arte zalantzekin ibili gara. Euskalmet-era deitu dugu, eta Eguzkine Iturrioz adituari ere galdetu diogu, eta berak ere ez zuen ezer ziurtatzen. Pena da, plazan dotore geratzen delako, giro bikaina izaten delako. Irudi polita da, eta atmosfera berezi bat sortzen da”.

Postuen kopuruari dagokionez, iazko 33 postuei dozena erdi bat gehitu zaizkie aurten, eta guztira, ia 40 postu izan dituzte azokan. “Pozgarria da, izan ere, gu haien bila joan gabe, eurak etortzen dira guregana, interes moduko bat aurkezten dutelarik. Hiru urteren barruan, nolabaiteko sona txiki bat lortu du Altzoko Azoka Berezi honek”.

Postu horietan denetik ikusi, dastatu, ukitu eta erosi ahal izan da. Talo edota pintxoetatik hasita, artisautza produktuak, liburuak, esnekiak, barazkiak, gozogintzako elikagaiak edota haurrentzako jolasak. “Nabarmentzekoa da bertako produktuak hemen duen pisua eta garrantzia”.

Gaur ospatu duten azoka, baina, ez da Altzon burutuko den kultur ekintza soil bat izango. Hain zuzen ere, Olentzerotan jakin-minez izeneko kultur programaren barruan ospatu den lehen ekitaldia da. Aurten, urte amaierara bitarte ospatuko diren ekintzen aurrerapena. Datorren astetik aurrera, beraz, kulturaz gozatzeko aukera izango da Altzon.

Manuren esanetan, “herriari bizi pixka bat emateko aukera ederra da, eta bertakoengan nahiz inguruko herrietatik hurbiltzen diren bisitariengan jakin-mina pizteko modu bat da. Horregatik, interesa duten gauzak antolatzen saiatzen gara”. Hilabete honetako lan karga guzti honi aurre egitea erraza den ala ez galdetuta, Olanok argi dauka. “Ez dakit erraza den ala ez, baina formula zein den badakigu, eta errepikatzea izaten da kontua”.

Auzolanari eta herritarren parte hartzeari ematen dio berak garrantzia. “Altzon horretarako prest dagoen jende ugari dago, eta esango nuke Kultur Batzordearen inguruan mugimendu interesgarri bat dagoela, eta horrek, horrelako gauzak egitea ahalbidetzen duela. Horren adibide da, gaur goizeko 8:00etan guzti hau antolatzeko geratuta geundenean, 30 herritar laguntzeko prest azaldu direla. Horrelako xehetasunek sekulako poza eta indarra ematen dute”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!