Altzoko Saninazio Jaiak 2018

"San Inaziok hartu behar du erraldoiaren tamaina"

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko uzt. 28a, 15:51

Gaur goizean hasi dira Altzoko San Inazio festak. Txapligua bota ostean, jai batzordeko kideen pregoia eta Artea dantza taldeko haurren emanaldia heldu dira. Gainera, bazkarirako paella prestaketa ere egin dute.

Pello Olanok botatako bi bertsorekin eman diete hasiera aurtengo Altzoko San Inazio festei. Festa batzordeko kideek irakurri dute pregoia, eta beraiek izan dira haurrei gozokiak botatzen aritu direnak. Ondoren, Artea dantza taldearen emanaldia heldu da. Era guztietako dantzak ikusi ahal izan dituzte herritarrek, eta emanaldiaren ondoren, bazkarirako prestatu beharreko paellaren osagaiak poltsetatik atera, eta sukaldean aritzeko txanda iritsi da.

Hasiera bustia izan da, baina ez da tristea izan. Euria bota du goizeko lehen orduetan, baina eguerdirako ateri zegoen zerua. Arratsaldean, sabela ondo bete ondoren, kalejira izango dute plazaraino, Matraka elektrotxarangarekin. Ondoren, poteoa egiteko aukera etorriko da, Peñagarikano eta Artolaren bertsoak entzutearekin batera, trikitilariek lagunduta. Iluntzean, zintzurra sagardoz bustitzearekin batera, norberak bere afaria eramateko aukera izango du, gauean, Starlus eta Koltxoi musika taldeen kontzertuez, eta DJ Dantzalekuren saioaz gozatu aurretik.

Egin klik hemen, festen hurrengo egunetako egitaraua ikusteko. Honakoak izan dira, Olanok, jatetxeko balkoitik, plazan zeuden herritarrei botatako bertsoak:

Ea nork altxa dezaken hanka

dantzari trebeek haina

zer zorrotzago segaren punta

bertsolarien mingaina

egun hauetan nola pizten den

herrian giro bikaina

munduko festa ospetsuenak

ez dira izango baina

San Inaziok hartu behar du

erraldoiaren tamaina

 

Egun hauetan ahazten dira

etxeko hainbeste kezka

lagun artean disfrutatzeko

aukera hoberik ezta

guztiak gaude festaren gose

berdin mutil eta neska

nahiz ta euria gertu ibili

plaza dagonez gainezka

girorik behintzat ez da faltako

eta has dadila festa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!