Azken garaian aldaketak izan dira Altzon, herria prestatu egin baita bertako herritar ezagunena den Migel Joakin Eleizegi Altzoko Handiaren bizipenak modu erakargarrian azaltzeko, bai bisitariei zein herritarrei. 2,42 metro neurtzera iritsi zen Altzoko Handia, eta aurten beteko dira, hain justu, 200 urte jaio zela. Lehen ere ezaguna bazen, bere bizitzari buruzko jakin-mina areagotu egin da azkenaldian, besteak beste, Handia filmarengatik, eta horri erantzuteko hainbat egitasmo egi bihurtu dira herrian.
Lehen pausoa ibilbide bat atontzea izan zen, Altzoko Handiaren bizitzan esanguratsuak izan ziren lekuak bisitatuz, eta, bide batez, Altzo bera ezagutzeko aukera aprobetxatuz. Lau lekutan euskarri bana dago eta guztira zazpi panel, Migel Joakin Eleizegiren bizitzaren pasarteak ezagutzeko. Testuak euskaraz daude, eta QR bitartez testuak beste lau hizkuntzetan jaso daitezke: gaztelelaniaz, frantsesez, ingelesez eta katalanez.
Bigarren pauso nagusia interpretazio zentroa osatzea izan da. Batzarremuño zentroan dago kokatuta, eta bere diseinua oso bisuala da, kaletik bertatik gozatu ahal izateko. Erakusleihoaren alde batean «begiratu hemen» irakurri daiteke, eta bertan dauden zuloetatik begiratuta, interpretazio zentroko protagonista dena ikusi daiteke: Altzoko Handiaren irudia benetako tamainan. Erakusleihoan ikusgai daude beste zenbait objektu, tartean David Azurza herritarrak Altzoko Handiaren inguruan konposatu zuen operan parte hartu zuten txotxongiloetako batzuk.
Altzoko Handiaren istorioa erakusteko sortu duten beste baliabideetako bat Gure Haundie izeneko ikus-entzunezkoa da, Eriz Zapirainek egina Koldo Izagirreren gidoiarekin. Euskaraz gain beste lau hizkuntzatan ikusi daiteke: gazteleraz, ingelesez, frantsesez eta katalanez. Adin guztietako herritarren parte hartzearekin egina da ikus-entzunezkoa, eta herrian oso gustura daude emaitzarekin.
Herriaren leku garrantzitsuetako bat urtearen hasieran martxan jarri zen Altzoko Ostatua da, herriko plazaren alde batean dagoena. Altzoko bisitaren hasiera eta bukaera taberna-jatetxea bera izan daiteke. Hasiera, bertan dagoelako turismo informazio puntua. Bukaera, bisita amaitu eta gero, sabela betetzeko hainbat aukera aurkitu daitezkeelako bertan.
Altzoko Handia eta herria bera ezagutzeko egindako lanketa herritarren laguntzarekin egin da. Eta beste behin herritarrak izan dira, herriko gazteak kasu honetan, bisita gidatuak burutu ahal izateko prest agertu direnak. Dagoeneko martxan dago egitasmoa, herriko gazteek boluntario moduan gidari lanak eginez. Bisita gidatuetan parte hartzeko izena eman behar da, eta horretarako Altzoko Ostatura (943 65 22 62) edo udaletxera (943 65 24 13) deitu behar da, abuztuan izan ezik.
Imazen Pagoa
Altzo bisitatzeko beste interesgune bat Imazen Pagoa da. Europako Urteko Zuhaitza lehiaketan finalista izateko zorian izan zen 2017an. Zuhaitz berezi izendapena du orain 182 urte Manuel Antonio Imaz bertsolariak landatu zuen eta egun 23 metroko garaiera duen pago motzak. Imaz pagora joateko Altzo Muñotik abiatzen den ibilbidea dago, ordubete inguruan egin daiteke.