'Handia', pantaila handian eta plazan

Imanol Garcia Landa 2018ko uzt. 5a, 11:00

Migel Joakin Eleizegi Altzoko Handia jaio zela 200 urte beteko dira uztailaren 10ean, datorren asteartean.

Bi mende beteko dira Migel Joakin Eleizegi, Altzoko Handia, jaio zela Ipintza Haundi baserrian. Zehazki datorren asteartean izango da hori, uztailaren 10ean. Hori dela eta, Altzoko Udaletik ekitaldia prestatu dute biharko: pantaila handian, herriko plazan eta 22:30ean, ikusi ahalko da Handia filma.

Emanaldirako gonbidatu bereziak izango dira. Jon Garaño filmaren zuzendarietako bat bertan izango da, eta baliteke Xabier Berzosa produktorea ere azaltzea. Herritar ugarik ikusi dute Handia filma, bai Zinemaldian, zein Tolosako Leidor aretoan, zinema aretoetan estreinatu aurreko emanaldian. Baina biharkoa lehenengo aldia izango da Altzon bertan ikusi ahalko dena. Lurdes Murua Kultura zinegotziak azaldu duenez, «herrian ikusteak beste xarma bat du. Gainera, lehenengo aldia izango da pantaila handi bat jartzen dela plazan pelikula bat ikusteko». Bestalde, gonbidatuei galderak egiteko aukera izango dela nabarmendu du.

Pantailak 8 x 5 metroko neurriak ditu, eta eguraldi ona iragarrita dagoenez, emanaldia plazan egitea aurreikusten dute. Eguraldi txarra izanez gero, frontoian izango da saioa.

URTEKARIAREN AURKEZPENA

Handia filmaren emanaldi berezia egingo dela aprobetxatuz, bihar bertan kultura batzordeak 2017ko Urtekariaren aurkezpena egingo du. 20:00etan izango da, Batzarremuñon.

Besteak beste, Errepublika garaiari eta frontoiaren 50. urteurrenari buruzko artikuluak daude urtekarian. «Lan asko suposatzen duen argitalpena da, eta berezia da herritarren artean egiten delako», esan du Muruak. «Jendea zain egoten da urtekaria jasotzeko. Altxor bat da herriarentzat, bertako hainbat informazio bilduta geratzen baita bertan, eta gero askotan urtekarira jotzen dugu herrian gertatu zena jakiteko».

Aurkezpenean jaso ahalko da urtekaria eta etxeetara ere banatuko da. Bestalde, lehiaketa bat izaten da urtekarian, ikusmina sortzen duena herrian: argitalpenean azaltzen den informazioaren inguruan galdetegi bat jartzen da eta uztailaren 20rako erantzun behar da. Zuzen erantzuten dutenen artean Elkar dendetan gastatzeko bi erosketa bonu zozkatzen dira.

GUTXIAGO FALTA DA JAIETARAKO

Altzoko San Inazio jaiak uztailaren 28tik 31ra izango dira. Festak gero eta gertuago dauden seinalea izaten da Frontoi Zaharreko Pilota Txapelketa. Aurten 22. aldiz ari dira jokatzen. Partidak hasi dira, eta uztailaren 21ean, festen Girotze Egunean, egingo dira finalerdiak. Ondoren, finala, uztailaren 30ean egingo da, arratsaldean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!