Kaolin meategiko oroitzapenak

Imanol Garcia Landa 2018ko uzt. 2a, 07:54

Martzelino eta Inazio Murua, eta Andres eta Joxe Mari Agirre, Altzoko plazan.

Kaolin Eder meategian altzotar asko aritu ziren lanean. Horietako lau izan ziren Joxe Mari eta Andres Agirre anaiak, eta Martzelino eta Inazio Murua anaiak.

Joxe Mari (egun 90 urte ditu) bederatzi urtez aritu zen lanean, eta 26 urte zituela hasi zen bertan. Sei urte inguru aritu zen lanean Martzelino (82 urte) bertan, 20 urte zituela hasita. Soldaduskara joaterako sartu zen Andres (81 urte) lanean meategian eta lau urte inguru aritu zen. Inazio (75 urte) lanean 14 urterekin hasi zen eta sei urte inguru egin zituen bertan.

Kaolina izan zen bertatik ateratzen zuten material nagusia, gerora igeltsua atera bazuten ere. Kaolin hitza Txinatik dator dirudienez. Jiangxi probintziako Kao-Ling izeneko menditik eratorritako hitza da. Francois Xavier d-Entrecolles jesuita frantsesak XVIII. mendean Txinan izan zenean, bere idatzietan kaolin bezala jaso zuen.

Altzoko meategian lur azaletik hasi ziren hasieran lanean kaolina ateratzeko. Gerora, dagoeneko Rufino Sanz meategiko nagusi egin zenean aritu ziren Agirretarrak eta Muruatarrak meategian, 50. hamarkadan. Ordurako lur azpian aritzen ziren lanean. «Besterik ez zegoen eta bertan hori genuenez, horra sartzen ginen lanera», azaldu dute meatzari ohiek. Altzotarrez gain inguruko jende ugari ere aritu zen meategian lanean, bedaiotarrak eta amezketarrak, esaterako.

Eginbeharreko lana, zortzi ordutan bukatzekoa izanagatik ere, tarteka langileek lau ordutan bukatzen zutela ekarri dute gogora. Kamioi kopuru jakin bat kargatzea izaten zen eginbeharrekoa eta lehenago bukatzen saiatzen ziren, «pasada hartuta». Dirua izanik eta lanak bukatuta, langileak Alegiako tabernetara joaten zirela diote. «Gero, meategia itxi zenean 'abarka zuriak' falta zirela esaten zen Alegiako tabernetan», esan du Inaziok. Kaolinak abarkak txuritzen zizkieten, eta hortik ezizena. Ohitura izaten zen ostiral eta larunbat gauetan txuleta jatera Alegiako Ricardoneara joatea. «Sekulako mugimendua izaten zen bertan», diote.

Garai horretan batez ere lana baserrian zegoela diote, eta enpresatan lana non zegoen ahoz aho jakiten zela. «Orduan dirua ikusteagatik edozer gauzetan egiten zen lan. Dirurik ez zegoen, eta zerbait ikusteagatik edozein lekutara joaten zen lanera», dio Joxe Marik. Paper fabriketan lanean aritzen ziren batzuk orduak sartzera ere joaten ziren meategira. «Han zortzi ordu egin eta meategian beste lau egiten zituzten», gaineratu du Joxe Marik. Meategitik alde egiteko gogoa ere izaten zutela ekarri du gogora Andresek: «Ederki blai eginda izaten ginen». Dirua «ondo» irabazten zela diote, eta lan asko eginda hilean mila pezeta irabaztera ere iristen zirela.

«Zulo ikaragarriak»

Eskuz egiten zuten lana hasiera batean. Pikatxoiarekin zulatu eta eskuarearekin saskia bete ondoren, bagoneta batera botatzen zuten materiala. Gerora makineria erabiltzen hasi ziren. Meategi barruan egindako zuloak «ikaragarriak» zirela diote, «kaleak bezala». 20 metro inguru alturan, eta zabalean beste 15 bat metro inguru bazirela diote meatzari ohiek. «Kamioiak ere barruraino sartzen ziren», aipatu du Martzelinok.

Ehun langile inguru izatera iritsi zirela diote. Santa Barbara egunaren inguruan bazkaria egiten zuten orduko eskolan udaletxearen azpian zegoena, enpresako nagusiak gonbidatuta. Gogoan dituzte bertsolariak izaten zirela egun horretan, Basarri, Uztapide eta Zepai, esaterako, eta Tarragona soinujolea. «Ostatuan bazkaltzen zuen nagusiak, eta bertsolariek lehenengo saioa bertan egiten zuten», dio Andresek. «Gero eskolako lokalera etortzen ziren. Hainbeste langile ginen, ez ginela ostatuan sartzen». Beste enpresekin alderatuta, Eguberrietan jasotzen zuten saskia oparoa izaten zela gogoan dute: «Garbantzuak, lentejak, ardoa, eta turroia ere bai».

Arrisku berezirik ez zuten sumatu meategi barruan lanean aritzen zirenean. «Batzuetan lehertu gabeko kartutxoren bat izaten zen, eta gero materiala txikitzen zuen makinan lehertu egiten zen, baina makina ez zen puskatzen. Tiro hots batzuk izaten ziren, beraz, noizean behin», esan du Inaziok. Bere aldetik Joxe Marik gogoan du noiz pasa zuen beldurrik handiena: «Zulatzen ari ginen egun batean ur pila bat atera zen, ur poltsa batetik edo, eta gerriraino busti ginen».

Istripu larri bat izan zen, baina hori meategiaren hasierako urteetan izan zen. Lur azalean lanean ari zirela izan zen hori, 1935. urtean. Harri luizi bat izan zen eta hiru langile hil ziren, bi Altzokoak eta bat alegiarra.

Meategian lana egitea osasunaren aldetik ez zela txarra diote, eta kaolinarekin biriketako arazorik-eta ez zela sortzen. Abarkekin aritzen ziren lanean, botarik edo bestelako oinetako berezirik gabe. Gogoan dute meategia barruan «fresko» egiten zuela: «Etxean belarretan aritu eta gero gustura hartzen genuen meategi barrura sartzea».

Meategiaren eremuan ur asko dagoela ondo dakite lau meatzari ohiek. Meategia itxi eta sei urtera sortutako zuloek bi baserriak irenstea urarengatik izan zela dio Inaziok: «Urak egin zuen aberia. Meategia martxan egonez gero, ur bideak garbiak izango ziren, eta ez zen izango arriskurik». Galeria asko ura ateratzen zenean utzi egiten zirela gaineratu dute, eta ur bideak beti garbituta izaten zituztela.

Azken garaian gainbeheran joan zen Kaolin Eder meategiaren negozioa. Martzelinok gogoan du Olatzagutiko meategira joan zirela lanera, dagoeneko Altzo Azpin ez zegoelako lanik: «Paperak egin, trasteak hartu eta Olatzagutira joan ginen. Agindutako guztia ez ziguten ordaindu, eta gero epaiketa bat izan zen. Ondoren zerbait gehiago jaso genuen». Kaolin Eder meategia itxi zen garaian, 40 bat langile zeuden.

Erlazionatuak

Kaolin meategiak utzitakoa

Imanol Garcia Landa 2018 uzt 01 Altzo

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!