Kaolin meategiak utzitakoa

Imanol Garcia Landa 2018ko uzt. 1a, 10:57

Ipintza Txiki eta Ipintza Erdikoa baserriak lurrak irentsi zituen, 1969. urtean.

Kaolin Eder izeneko meategia 30 urte inguru izan zen zabalik Altzo Azpin. 1930 urtean erregistratu zen eta 1963 urtean itxi zen erabat. Altzorentzat garrantzitsua izan zen meategia, besteak beste, herritar ugarik bertan lan egin zutelako. Baina, bestalde, hainbat arazo ere sortu zituen, eta gaur egun ere eragin horiek nabariak dira, meategiak hartu zuen eremuan zuloak sortzen joan baitira.

Zuloetako batek bi baserri irentsi zituen, Ipintza Txiki (Artzaienea) eta Ipintza Erdikoa. 1969 urtean izan zen hori, dagoeneko meategia itxita zegoela. Zulo handi bat egin zen bi baserrien ondoan, eta egun batetik bestera bertako bizilagunek beraien etxeetatik atera behar izan zuten. Ondoren, bi baserriak hondoratu ziren. Bertako biztanleek Altzoko Urtekariari orain urte batzuk azaldu ziotenez, ez zuten dirurik jaso meategiko arduradunen aldetik.

Joseba Elduaien egungo alkateak dioenez, eremu horrek sortzen duen buruhaustea ez da kontu berria Altzoko Udalarentzat. «Mende erdia baino gehiago da itxi zela meategia. Orduz gero hainbat arazo sortu ditu, hainbat zulo eginez». Meategitik kaolina ateratzen zen, eta urarekin erraz beratzen den materiala da. «Dirudienez, uraren eraginarekin meategietako paretak erosionatzen joan ondoren, hainbat zulo egin dira. Tarteka dimentsio handiko zuloak izan dira, eta urtetan zehar zulo horiek betetzen joan da udala, baina betelanak egin diren tokietan, berriro ere zuloak sortzen joan dira».

Meategiaren eremuari irtenbide bat emateko asmoz, aurreko legealdiko udal ordezkariak Eusko Jaurlaritzaren meategietako arloaren arduradunekin egon ziren, eta horiekin batera ikerketa bat egitea eskatu zuten. Zundaketa batzuk egin zituzten, jakiteko ingurune horren guztiaren egoera zein den. «Udalean sartu ginenean ikerketa horren berri izan genuen eta datu objektibo batzuk jaso genituen», azaldu du Elduaienek. «Hamabi hektarea inguruko eremua hartzen du meategiak, eta egun horietatik hiru inguru egoera arriskutsuan daude, sortu diren lur mugimendu eta pitzadurengatik». Hain justu, Altzo Azpitik Altzo Muñora doan errepidearen ondoan kokatzen dira meategiaren aztarnak, Ipintza Haundi baserria bitarte. Bi baserriak hondoratu ziren lekutik gertu, gaur egun Artzaienea izeneko etxea dago. «Teknikariek egindako proba eta ikerketek erakutsi digutenez, egun ez dago baserri edo etxerik arriskuan», azaldu du Elduaienek.

Aurrera begira eremu hori herriarentzako eremu degradatu bezala ezin dutela utzi ikusten dute udaletik. «Pixkana ikusten genuen pausoak eman behar zirela eremua berreskuratzen joateko. Norabide bat markatu nahi dugu gai honen inguruan, ondorengoek berreskuratzearen bidetik jarraitzeko», gaineratu du alkateak. «Urtetako prozesua izango da, eta ea posible dugun berreskuratzea, eremu zoragarria delako».

Lurrak esku publikoetara pasatzea

Orain dela bost edo sei urte zulo bat sortu zen, dimentsio handikoa, eta meategiak ikusi ahal ziren. «Beste gune bat dago, ez dena hain nabarmena, zuhaitzez estalia eta nahiko itxia dago, eta hor zulo txikiak eta pitzadurak ikusten dira», Elduainek azaldu duenez. Garai bateko azpiegiturak ere badaude, utzita daudenak, tartean etxolaren bat erabat mugituta. «Horiek erakusten dute hor zerbait izan zela, jarduera bat izan zela».

Hasiera batean eremu guztia esku pribatuetan zegoen, eta Eusko Jaurlaritzatik Altzoko Udalari jakinarazi zioten lehenengo kontua lur pribatuetan ez zirela sartzen izan zen, lur publikoa izan behar duela bertan inbertsioak egin ahal izateko. Beraz, lehenengo pausoa izan da eremu kaltetuenak direnak udalaren esku jartzea, eta horretarako bertako jabeekin hitz egiten aritu dira udal ordezkariak. Udalak hektarea pasatxoko eremu bat erosi zuen orain bi urte, kaltetuena dagoena. Eta orain berriz Eusko Jaurlaritzarekin akordioa egin du eremu hori berreskuratzeko. «Hortik aurrera beste lursail batzuk eskuratzeko negoziaketetan ari gara, ikusten dugulako hori dela bide bakarra», zehaztu du Elduaienek.

Behin finkatu zenean udalak eskuratu zuen eremu horretan zer lan egin behar diren, horiek burutzeko finantziazioa lortzea izan zen hurrengo pausoa. Hektarea hori berreskuratzeko aurrekontua 384.000 eurokoa da, eta Eusko Jaurlaritzak %90ean diruz lagunduko du.

Meategitik materiala ateratzeko ahoa gaur egun ikusi daiteke Altzo Azpitik Altzo Muñora doan errepidearen ondoan. Altzo Azpiko haur parketik 30 metro ingurura dago. Kaolina erraz erosionatzen den materiala da eta aho horretatik ateratzen den errekatxoa txurituta ateratzen da, tarteka oso txuria. Beraz, une oro materiala garraiatzen ari da meategitik ateratzen den ura. «Konponbiderako lehenengo pausoa da nola ekidin ura galerietako eremuetara sartzea», azaldu du alkateak. Beraz, lehenengo esku hartzea izango da eremu guzti horretara doazen urak jasotzea, ubideen bidez, eta gero betelana egitea.

«Betelana edozein modutara eginez gero, urak azkenean bere bidea bilatuko du eta berdin erosionatzen jarraituko du. Teknikariek eman diguten irtenbidea da kapa ezberdinetan bete behar dela», esan du Elduaienek. Oinarrian jarriko da eskoilerako harria, sendotasuna emango diona oinarri horri, baina era berean ura filtratzen utziko duena. Gero gainean beste hainbat kapa ezberdin joango dira, eta bukaeran kapa irazgaitz moduko bat jarriko da. «Plastikoa duen oihal moduko bat da, zabortegiak berreskuratzeko erabiltzen denaren antzekoa. Horren gainean lur begetala jarriko da», azaldu du alkateak. Etorkizunari begira, berreskuratutako eremu horren erabilpena larreetarako bakarrik izango da. Ezingo dira zuhaitzak landatu edo eraikinak egin bertan.

Epe luzera begira

«Gure asmoa da hektarea horretan egingo den interbentzioa zabaltzea beste eremuetara. Interbentzio honekin konponbide partziala ematen zaio, zati kaltetuari, baina ez da bakarra», esan du Elduaienek. «Eremua handiagoa da, eta gure aldetik ikusten duguna da Eusko Jaurlaritzarekin hasitako elkarlan honek urteetan jarraitu behar duela, inguru guztia berreskuratu arte». Prozesu hori pixkanaka izan behar duela gaineratu du, kaltetutakoa berreskuratuz, eta itxuraz hainbeste kaltetuta ez dagoena modu jarrai batean kontrolatuz. «Garai batean erraza izan zitekeen hainbat jarduera egitea meategian, eta ez dakit kalkulatu zuten orduan egindakoak zer suposatzen zuen aurrera begira», esan du alkateak. «Azkenean 12 hektareako eremu bat da, bere egoerarengatik hainbat erabilpenerako baztertu egin beharko dena. Gainera une oro kontrolatu beharko da mugimendurik gertatzen ote den ikusteko, ahalik eta egonkortu arte, baina hori auskalo noiz gertatuko den».

Lanak aurten eta datorren urtean egitekoak dira, eta asmoa da udazkenean hastea eta udaberrian bukatzea. «Ea eguraldiak ere laguntzen duen», zehaztu du alkateak. Udaletik pleguak prestatzen ari dira, eta udalak berak kudeatuko ditu obrak, Eusko Jaurlaritzako teknikarien laguntzarekin. Epe luzerako gaia izango dela nabarmendu du Elduaienek, eta aldi berean udalarentzat eremu hori berreskuratzea proiektu estrategiko bat dela, «ezin baitugu utzi eremu hori guztia bere horretan irtenbide bat eman gabe».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!