Altzoko Segoretxe jatetxea, berriro ere zabalik

Ataria 2018ko mar. 6a, 21:01

2016ko ekainaz geroztik itxita zegoen Altzoko Segoretxe jatetxea, eta atzo zabaldu zituen ateak herriko ostatu berriak. Inaugurazio ekitaldi ofiziala aurki egingo dute.

2016ko herriko jaiak amaitzearekin batera itxi zituen ateak Segoretxek. Harrez geroztik, ez zegoen tabernarik zabalik Altzon. 'Handia' filmak Migel Joakin Eleizegi eta Altzoren inguruan piztu duen ikusmina aprobetxatuz, horri erantzuna emango zion proiektua abiatu zuten Altzoko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak: Altzoko Turismo Plana.

Proiektuaren funtsa zera da, Segoretxen taberna egokitzea eta turistentzako harrera leku bihurtzea, alde batetik; eta Altzoko Handiaren inguruko interpretazio zentroa irekitzea, bestetik.

Urrian hasi zituzten lanak, eta lehen fasea amaitzearekin batera, Segoretxe taberna-jatetxeak zabaldu ditu ateak dagoeneko. Guztiz itxuraldatu dute taberna, eta atzealdean, terraza moduko bat egin diote.

Altzoko Handian eta berari buruzko filmean oinarritu dira taberna atontzerako orduan. Esaterako, paretetako batean iltze batek markatzen du noraino iritsiko litzatekeen Migel Joakin Eleizegi, aulki batean eserita egongo balitz.Taberna pixkanaka hasi da lehen bisitariak jasotzen. Ostiraletik aurrera, berriz, bazkariak ematen hasiko dira. Astelehenetik ostiralera, eguneko menuak, bereziki; asteburuetan, berriz, menu bereziak.

Inaugurazio ekitaldi ofiziala, ordea, aurrerago egingo dute. Horretarako, azken ukituak ematen ari dira Batzarremuño eraikinean kokatuko den interpretazio zentroari. Besteak beste, bertan erakutsiko dute Altzoko Handiaren inguruan sortu duten ikus-entzunezkoa. Sorpresa gehiago ere izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!