Martxan hasi dira Segoretxe etxeko berrikuntza lanak

Imanol Garcia Landa 2017ko urr. 20a, 16:25
Denis Itxaso diputatuak, Maite Cruzado Turismo zuzendariak eta Joseba Elduaien Altzoko alkateak Segoretxeko obrak nola hasi diren bisitatu dute.

Denis Itxaso Kultura eta Turismo diputatuak eta Joseba Elduaien Altzoko alkateak hitzarmena sinatu dute herriko turismo planaren inguruan. Segoretxen taberna egokitzeko eta turistentzako harrera leku bihurtzeko hasi berri diren obrak bisitatu dituzte. Altzoko Handiak eta berari buruzko pelikularen ikusminari erantzuna ematea da helburuetako bat.

Altzoko turismo plana garatzeraino zein ibilbide egin duten azaldu du Elduaienek, eta gogora ekarri du azken bi urteotan Altzoko Handiari buruzko ikusmina nola handitzen joan den. "Aurretik zetorren David Azurza herritarrak egindako opera, Koldo Izagirrerekin batera, eta ondoren txotxongiloekin emanaldia sortu zen opera horretan oinarrituz eta Donostia 2016 egitasmoaren barruan. Gero Moriarti ekoizpen etxekoak azaldu ziren filma egin nahi zutela esanez". Elduaienek azaldu duenez, "pixkanaka ikusten hasi ginen gai honek nolabaiteko proiekzioa hartuko zuela inguruan, bai guretzako, gure ondare kultural eta historikoa lozorrotik nolabait esnarazten zuela, baina baita Altzotik harago ere, Tolosaldean zein Gipuzkoan".

Altzoko Handiaren inguruko ikusmin horren aurrean bi aukera zituztela gaineratu du Elduaienek, "pasatzen uztea kontu hau, gurekin loturarik izango ez balu bezala, edo erronka bezala hartu eta bere tamainan aukerak baliatzea". Bigarren aukera hartu zuten eta hortik etorri zen turismo plana osatzearena, hainbat erakunderekin harremanetan jarriz. Lehenengo ekimena Altzoko Handiari buruz informazioa ematen duten eta leku esanguratsuetan jarrita dauden panelekin ibilbide bat osatzea izan da.

Hortik aurrera jarraitzeko Elduaienek gogora ekarri du Altzo herri txikia dela eta baliabide mugatuak dituela. "Ikusten genuen Handia filmak bere garrantzia eta oihartzuna izango zituela, eta aldundiarekin jarri ginen martxan turismo bulegoa, interpretazio zentroa eta ikus-entzunezko bat prestatzeko". Datorren urte hasierarako horiek guztiak martxan jartzeko asmoa dutela esan du Elduaienek, eta gaineratu du datorren urtean betetzen direla 200 urte Altzoko Handia jaio zela. Bestetik, alkateak herritarrei eskertu die gai honetan egiten ari diren lana: "Udala tresna bat da hau dena garatzeko, baina beraien inplikaziorik gabe ekimenak egitea ezinezkoa da".

Denis Itxasok azaldu du Altzon "lan bikaina" egin dutela. "Altzoko Handiaren pelikulak sortu zezakeen ikusmina Altzoren mesedetan nola baliatu daitekeen lantzen ari dira. Ikusi genuen ideia boteretsua zegoela. Herri txikietan komunitateak garrantzi handia du eta komunitatea egiteko azpiegitura xumeak behar dira. Altzok une honetan ez du taberna bat ere". Bestalde, Itxasok gaineratu du gaur egun pelikulek zein telebista sailek turismoan izaten ari diren eragina, eta Zumaia aipatu du adibide gisa.

Aldundiko turismo departamentuan duten egitasmo nagusietako bat turistak Donostian ez daitezela gelditu da. "Donostian turista guztiak kontzentratzea ez da ona ez donostiarrentzat ezta inorentzat ere", esan du Itxasok. "Horretarako argudioak behar ditugu, Donostiara iristen diren milaka turista horiei esan behar diegu badagoela barnealde bat kondairaz beteta dagoena, istorio ederrak daudela, eta herri txikiak bazter miresgarriak dituztenak. Azken batean, turismoan oso garrantzitsua da bizipen bat izatea, eta Altzok kasu honetan badu gaitasun hori. Badago pertsonaia bat, istorio bat, Gipuzkoan ezaguna dena, eta pelikula berriaren bitartez gehiago zabalduko dena".

Itxasok gogora ekarri du gaur estreinatzen dela zinema aretoetan Handia filma, eta ez dela izan kasualitatea prentsa agerraldia egitea egun honetan. "Kontatzen den istorio horrek eta lan horrek gure kanpo marka hobetzen du", azaldu du. "Altzotik proiektua gauzatzeko planteatutako diru eskaera ez da erraza guretzako, baina aukera izanez gero, ideia ona zela ikusten genuen. Azkenean posible izan da eta aurrera egin dugu proiektuaekini". Aldundiak 200.000 euroko diru laguntza eman dio proiektuari.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!