Altzoko san inazioak 2017

Puzgarriak, pilota eta kartak, saninazioak amaitzeko

Erabiltzailearen aurpegia Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko abuztuaren 1a

Arratsalde guztian zehar, guztientzako moduko jarduerak izan dira Altzoko zenbait gunetan. Hain zuzen, frontoi zahar berrituko txapelketako finalak eta mus txapelketa jokatu dira, eta puzgarriak izan dira, haurren denbora-pasa onena.

Gaur arratsaldean, ez da aspertzeko betarik izan Altzoko San Inazio festetan. Haurrek, arratsalde guztian zehar izan dute aukera, puzgarrietan saltoka ibiltzeko. Helduek, bestalde, Elordi elkartean jokatu den mus txapelketan aritzeko aukera izan dute. Aukera hori pasatzen utzi ez dutenak, altzotar ugari izan dira.

Hala ere, arratsaldeko jarduera nagusia, 18:00ak aldera heldu da, orduan jokatu baitira XXI. frontoi zahar berrituko txapelketako finalak. Bertan, sei bikotek jokatu dute hiru mailatan banatuta. Gazteenen mailan (4 eta 10 urte bitartekoak), Gailur Elduaienek eta Harkaitz Muruak, 16-10 irabazi diete urdinez jokatu duten Ibai Goitia eta Martin Elolari. Aipatzekoa, Harkaitz Muruak erakutsi duen maila. 10 eta 14 urte bitartekoetan, berriz, Saioa Goitia eta Haritz Estebanek osatutako bikote urdinak ezin izan ditu gorriak gainditu, eta 18-15 galdu dute Ane Ugartemendia eta Andoni Iturriotzen aurka, oso orekatua izan den lehian.

Azken partidan, berriz, 14 urtetik gorakoek jokatu dute. Intentsitate, erritmo eta abiadura ezberdina erakutsi dute gaztetxoek. Lau pilotariak oso ondo aritu dira, baina maila hori amaieran erakutsi dute. Izan ere, lehen zatian Beñat Amiano eta Unai Mujika nagusi izan dira, eta bikote urdinaren akatsak baliatuz zabaldu dute tartea. Amaieran, gorriek, 22-8 irabazi diete Iker Zubeldia eta Ander Zubeldiari. Azken hauek, garesti ordaindu dute partidaren hastapenean galdutako tanto bakoitza.

Orain, zahagi ardoa egingo dute, eta festetako azken ekitaldiak, Alurr eta Artea dantza taldeko kideek eskainiko dituzten emanaldiak izango dira. Bihartik aurrera, datorren urteko festetarako atzera kontuarekin hasiko dira altzotarrak.

Erlazionatuak

Haurrak protagonista, biharamunean

Erabiltzailearen aurpegia Josu Artutxa Dorronsoro 2017 abu 01 Altzo

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!