18:00etan lehertu dute txupinazoa Altzon; ordurako prest zeuden protagonistak oholtza gainean. Tipula, haurrei banatzeko goxokiak eta Ane Urrestarazu pregoia irakurtzeko prest. "Kostata, baina azkenean iritsi dira San Inazioak! Gora Altzo eta gora San Inazioak!".
Hasi da festa; goxokiak banatu dizkiete herriko plazan bildu diren haurrei, eta ondoren, Artea dantza taldeko haurren emanaldia izan da. Herriko haurrek hainbat dantza eskaini dituzte, bertan bildutakoen gozagarri.
19:30ean, bertso poteoaren txanda izan da. Herriko trikitilariak aritu dira kaleak alaitzen, eta Mikel Artola eta Haritz Mujika arduratu dira bertsoak botatzeaz. 20:45etan, presoen eskubideen aldeko kontzentrazioa egin dute.
21:00etan, herri afaria egingo dute, eta eguna bukatzeko, hiru kontzertu izango dituzte: Skakeitan, Eta abar kolektiboa, eta DJ Pintxitos taldeek joko dute.
Gazte Eguna
Nolanahi ere, festa giroa goizetik hasi da Altzon. Otsabiope Gaztetxeak 1. Gazte Eguna antolatu du. Goizean, sentipen eta zumba tailerra egin dituzte. Bazkaria egin dute indarrak hartzeko, eta jolasak egin dituzte arratsaldean.
Biharko egitaraua:
Egunean zehar, Iraunkorrak txaranga.
12:00. Paella prestaketa
Ondoren, bazkaria.
15:30. Plater hausketa.
18:30. Errimak Oinetan, dantza-bertso ikuskizuna.
21:00. Sagardo dastaketa.
23:00. Dantzaldia Zesuma taldearekin.
Ondoren, San Inazio eresia.