Altzoko erabilera anitzeko eraikina inaugurazio ekitaldiaren zain

Asier Imaz 2014ko mai. 22a, 15:53
Erabilera anitzeko eraikina amaitu berri dute Altzon. Egun, inaugurazio ekitaldiaren zain dago, eta aurrera begira, egokitzapen lanekin jarraituko dute bertan pausoz-pauso.

Aurreko legealditik dator proiektua, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta EREIN-en diru laguntzei esker gauzatu da. Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako programa da EREIN, eta bere barruan, landa-inguruneak sustatu eta garatzeko laguntzak daude. Orain, ordea, bigarren fasea dator, hau da, egokitzapen lanak. Horretarako beste diru laguntza baten atzetik dabiltza, udaletik azaldu dutenez. Gipuzkoako Foru Aldundiari begira daude, proiektu berezietarako laguntzak eskaini baititu foru aldundiak. Eskaerak aurkezteko epea bihar amaitzen da, eta Altzok bere lana egina dauka. Orain erantzunaren zain daude. Hala eta guztiz ere, egokitzapenak egin egingo direla diote udaletik, «diru-laguntza jaso edo ez».

 

Liburutegia, hirugarren adinekoentzako txokoa, komun publikoak, udaletxerako irisgarritasuna gauzatzeko igogailua... buruan dituzten gauzak dira. Goiko solairuan Altzoko Erraldoiaren eta Imaz bertsolariaren txokoan jarriko dituzte. Behean, liburutegia. «Orain arte udaletxeko ganbaran zegoen, baina haur txikiekin joateko, gora eta behera ibiltzeko, eta abar eskailerak zeuden. Zailtasun horiek ekiditeko, eraikin berrian lurraren mailan jarriko dugu liburutegia», aipatu dute udal ordezkariek.


Eraikin berria udaletxeari itsatsita dago, ukitu batzuen faltan, baina funtzio berriak jasotzeko prest. Aurrera begirako helburuetan, egokitzapen horiek daudela dio Altzoko Udalak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!