Mende erdi da Alkizako euskal barnetegia sortu zutela

Jon Miranda Labaien

1976an abiatutako barnetegiak milaka laguni euskara ikasteko eta euskaraz bizitzeko aukera eman zien; 50 urte geroago, Alkizak bere ibilbidea eta euskararen berreskurapenean egindako ekarpena gogoratuko ditu.

40 urte baino gehiagoz egon da martxan euskara ikasteko barnetegia Alkizan. 1976an abiatu zen ekimena, eta haren 50. urteurrena gogoratzeko, Alkizan, katebegi bat euskalduntzearen bidean izenburupeko ekitaldiak egingo dituzte asteburu honetan. Ostiralean, liburuaren eta dokumentalaren aurkezpena egingo dute, eta larunbatean jai giroko egitaraua izango da.

Euskararen berreskurapen prozesuaren historia ondo zedarritzeko, beharrezkoa da Alkizan geldialdia egitea. Inaki Irazabalbeitia alkateak aipatu du asteburuko ekitaldiekin memoria ariketa bat egin, eta modu batean, erreibindikatu nahi dutela euren udalerriak garai batean euskararen irakaskuntzan izan zuen erreferentzialtasuna.

1976. urtea Euskal Herrian berezia izan zela aipatu du alkateak. Franco hil berria zen, eta euskararen normalizazioan protagonista izango ziren hainbat erakunde ere garai bertsuan sortu ziren. 1975ean, esaterako, herrietan euskara ikasteko eta hizkuntza biziberritzeko ekimenak sustatzen hasi ziren, tartean Orexan. Hango baserrietan egonaldiak egin eta, aldi berean, euskara ikasi edo berreskuratu zuten hainbat gaztek.

Horietako batek, artean 19-20 urte izango zituen Luispe Gutierrez donostiarrak, ekimena Gipuzkoako beste herrietara zabaltzeko egitasmoa abiatu zuen. Iñaki Orbegozo lagunarekin batera, garai hartan Alkizan parroko zebilen Joxe Agirrerekin harremanetan jarri ziren. Begi onez ikusi zuen apaizak asmoa, eta ikasle haiek apopilo hartuko zituzten baserri bila jardun zuen buru-belarri Alkizan. Erretore etxeko gela batzuk ere utzi zizkien ikasle haiei, euskara ikas zezaten.

Joxan Sagastizabal izan zen 1976. urte hartan ikasle izan zenetako bat; Hernialdeko baserri batean ostatu hartu, eta Alkizako barnetegira joaten zen egunero eskolak hartzera —bizipen haietan oinarrituta idatzi zuen Kutsidazu bidea, Ixabel liburua, eta berriki osatu dute liburuan inspiratuta Hernialde eta Alkiza arteko bidea—.

Lehen esperientzia haren ondotik, 1981etik 1997ra Ilazki euskaltegiaren eskutik Alkizako barnetegi horretan bertan udako helduentzako ikastaroak antolatu zituzten. Eskolak jaso, mintzapraktika egin eta herriko bizitza uztartu zituzten euskara ikastera etorritako milaka eta milaka herritarrek. Hala, euskara ikasleen eguneroko harremanetarako hizkuntza bihurtu zen, eta barnetegia herriko bizitzaren parte ere egin zen.

1990. urtean Erretore etxeko barnetegiak beste etapa bati ekin zion. Haurrei euskaraz bizitzeko esperientzia eskaintzeko, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Euskal Girotze Barnetegien sarean sartu zuen Alkizakoa. Horrela, Hego Euskal Herriko hainbat txokotatik iritsitako ikasleek asteetako egonaldiak egiten zituzten Alkizan, euskaraz jolastu, ikasi eta harremanak egiteko.

2017an, ordea, eraikin berria egiteko herriko eskola eraitsi behar izan zutenez, Erretore etxera aldatu zituzten eskolako ikasleak, eta bertan behera geratu zen barnetegiaren jarduna. Hondarribira eraman zuten.

Irazabalbeitiak nabarmendu du halako herri txikian hainbeste jende jasotzeak ekonomia-jarduera ere sortu zuela barnetegiaren bueltan. «Mapan jarri gintuen barnetegiak, eta bizipen pertsonal asko sortu ziren urte horietan. Kanpoko jendearekin harremanetan jartzeak aldaketa kulturala ere ekarri zuen herrira». Ospatzeko nahikoa motibo iruditu zaio Alkizako Udalari ekimenaren 50. urteurrena.

Lekukotzak jasotzea

Urtemuga behar bezala osatzeko, Garbiñe Ubeda kazetari ibartarrak Alkiza, katebegi bat euskalduntzearen bidean liburua idatzi du. Barnetegiaren historiaren hiru etapak jaso ditu, eta etapa bakoitzeko dozena bat protagonista elkarrizketatu ditu. Besteak beste, euren baserrietan ikasleak hartu zituzten alkizarrak, irakasle izandakoak, ikasle izandakoak eta barnetegian lan egin zutenak elkarrizketatu ditu.

Bi elkarrizketa «tekniko» aipatu ditu egileak: alde batetik, Euskal Girotze Barnetegiko zuzendari izandako Iñaki Artolari egindakoa; eta bestetik, Ilazki euskaltegiko zuzendari izandako Idoia Goñiri egindakoa.

Idazle eta kazetariak onartu du miresmenetik hasi zela liburua idazten, euskalduntzerako bidea hain ondo egin zutenekiko miresmenetik, alegia: «Benetako artistak egon dira, ez bakarrik euskara irakasten, baita ikasten ere. Euskara ikasteko grina sumatzen da elkarrizketatuengan. Ez titulu bat bakarrik, euskarak nortasuna eta identitate bat ematen zien, komunitate baten parte izateko aukera. Agian hori da pixka bat galtzen ari dena eta berreskuratu beharko litzatekeena. Ikasle izan zirenek eta euskaldundu zirenek, nire ustez, gutxietsi egiten dute haiek egindako ahalegina. Nik balentria gisa izendatzen dut».

Lekukotza hauen bitartez, garai bakoitzeko bizipenak, motibazioak eta harremanak ezagutzeko aukera ematen du liburuak. «Katebegiarena aukeratu dugu izenbururako, Alkizan gertatu zelako hau, baina kate oso baten barruan kokatzen da. Liburuak testuingurua ematen die euskararen berreskuratze bidean mende erdi honetan egin diren borrokatxo guztiei. Alkiza da protagonista, baina kontakizuna, nolabait, unibertsalagoa da», esan du Ubedak.

Ostiralean, 19:00etan, udaletxeko ganbaran aurkeztuko dute liburua eta Ubeda bera bertan izango da. Horren ondoren, Alkizako barnetegiaren mende erdiko ibilbidea laburbiltzen duen Alkizako barnetegia. 1976-2026 dokumentala ere proiektatuko dute. Mondragon Unibertsitateko Ainhize Landa, Ibai Lema eta Ivan Callejo ikasleek egin dute gradu-amaierako lan gisa.

Hurrengo egunean ere, larunbatean, 11:00etatik aurrera, dokumentala berriro ikusteko aukera izango da udaletxeko ganbaran, eta 50. urteurreneko ospakizunak borobiltzeko beste bi ekitaldi izango dira. 11:30etik aurrera, Irune Arrizubietak gidatuta, dantza saio herrikoia izango da plazan; eta 18:00etan, berriz, Txondor plaza izeneko antzezlana emango dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!