Onddoen mundua ezagutzeko argazki erakusketa jarriko dute Alkizan

Gipuzkoan aurki daitezkeen onddoen aniztasuna ezagutaraztea du helburu. Irailaren 11tik 25era egongo da ikusgai Alkizako udaletxeko ganbaran.

Irailaren 11n Gipuzkoako Fungi dibertsitatea izeneko erakusketa jarriko dute Alkizako udaletxeko ganbaran. Irailaren 25era arte egongo da ikusgai, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 12:30era. Arratsaldez ikusi nahi dutenek 688 604 466 telefono zenbakira deitu beharko dute.

Joxepo Teres Izkierdo mikologoak prestatu du erakusketa, eta ekimenaren helburua da Gipuzkoan aurki daitekeen onddoen dibertsitatea ezagutaraztea. Teres Aranzadi zientzia elkarteko Mikologia Saileko kidea da, eta urte luzez aritu da botanika eta mikologiaren inguruko ikerketa eta dibulgazio lanetan.

Erakusketan askotariko espezieak ikus daitezke: ohikoak eta ezagunak direnak, jangarriak nahiz pozoitsuak, eta baita urriak edo zenbait erakunderen arabera babestuta dauden espezieak ere. Horrez gain, onddo likenizatuen eta mixomizetoen taldeko adibideak ere jasoko ditu. Azken horiek, tradizionalki, Fungi erreinuarekin lotu izan badira ere, gaur egun beste sailkapen taxonomiko batean kokatzen dira.

«Onddoak basoetan, belardietan eta beste hainbat habitatetan aurki daitezke, baina askotan oharkabean pasatzen dira. Gipuzkoako Fungi dibertsitatea erakusketak begirada pausatzeko eta organismo horien aniztasunaz jabetzeko aukera eskainiko du, argazkien bidez haien forma, tamaina, kolore eta habitat ugariak erakutsiz», esan dute antolatzaileek.

Aranzadi zientzia elkarteko Mikologia Sailak hamarkadak daramatza Euskal Herriko eta inguruko lurraldeetako onddoen inbentarioan lanean. Lan horri esker, Gipuzkoako onddoen ezagutza eta dokumentazioa nabarmen handitu dira. Erakusketak, beraz, onddoen munduari buruzko ikuspegi zabalagoa eskaintzen du, eta gure lurraldeko biodibertsitatearen zati horri erreparatzeko aukera ematen du.

Onddoen mundua hobeto ezagutzeko, bestalde, Joxepo Teresek bisita gidatua egingo du irailaren 13an.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!