Ilustrazio zientifikoa, herri-ezagutza eta natura-ondarea uztartuko dituen egonaldia egingo du Debako Maddi Astigarragak Alkizan, eta emaitza infografiaz osatutako erakusketa batean aurkeztuko du. Epaimahaiak aurtengo Sormenaren Kabia beka berari ematea erabaki du Hartu-sortu-eman izeneko proiektuarengatik.
Astigarragak udazkenean gauzatuko du egonaldia, eta aurretik topaketa bat antolatuko da herritarrek artista ezagutzeko eta, era berean, artistak Alkiza eta bertako biztanleak gertutik ezagutzeko aukera izan dezan.
Aurtengo edizioan hautatutako proiektuak ilustrazio zientifikoa du ardatz. Helburua herri- ezagutza eta ezagutza zientifikoa uztartzea da, Alkizako ingurunea irudiaren bidez aztertuz eta dokumentatuz. Horretarako, artistak bertako natura-ingurunea behatu eta erregistratuko du, landareak, animaliak eta inguruko bestelako elementuak ilustratuz. Aldi berean, herritarren testigantzak, jakintzak eta oroimenak bilduko ditu.
Bildutako informazioa infografia eta poster ilustratuen bidez antolatuko da, ezagutza zientifikoa eta herri-ezagutza elkarrizketan jarriz. Proiektuaren helburuen artean dago, halaber, sortutako ezagutza komunitateari itzultzea eta partekatzea, sormen-prozesua herritarrekin lotuz.
Egonaldiaren amaieran, proiektuaren emaitza nagusia infografiaz osatutako erakusketa izango da. Bertan, Alkizako ingurunea, bertako espezieak eta komunitatearen jakintza partekatua izango dira ikusgai, ilustrazioaren bidez.
Hautaketa batzordea honako hauek osatu dute: Elena Cajaraville Ordoñana, artista bitxigilea eta Ur mara museoko zuzendaria; Rita Unzurrunzaga Schmitz, Ekain Artelanak galeriako zuzendaria; eta Sofia Arostegi Parra, margolari eta marrazkilaria, Gipuzkoako Artisten Elkarteko presidente izandakoa eta gaur egun erakundeko zuzendaritza batzordeko kidea dena.
Epaimahaiak bereziki nabarmendu du deialdiak jasotako proposamenen kalitate handia, baita hautagaien curriculum eta ibilbide artistikoen maila ere. Era berean, aurkeztutako diziplina artistikoen aniztasuna eta proiektuen originaltasuna azpimarratu dituzte. Testuinguru horretan, hautaketa prozesua bereziki zaila izan dela adierazi dute, aurkeztutako lanen maila altuagatik eta proposamen askoren interes artistikoagatik.
