Alkizako geologia eta natura ezagutzeko bisita gidatua egingo dute ekainaren 13an. 10:00etan abiatuko da ibilbidea plazatik, eta parte hartu nahi dutenek, aurrez eman beharko dute izena 688 604 466 telefonora deituta edo mezua idatzita.
Ibilbide gidatu honetan, Sara Alkorta geologoa arituko da azalpenak ematen, eta tarteka, Juantxo Unzueta naturazaleak inguruko naturari buruzko bitxikeriak emango ditu. Honako galderei erantzuna ematen saiatuko dira: Nola sortu ziren Alkizako eraikin zaharrenak eraikitzeko erabili ziren harriak? Nondik dator historian zehar inguruko harrobietatik ustiatu izan den burdin-minerala?
Bidea erraza izango da, baina antolatzaileek adierazi dute aldaparen bat edo beste igo beharko dela. Arropa eta oinetako egokiekin joatea aholkatu dute, baita mendirako makila eramatea ere. Euskaraz egingo dute bisita eta bost euro ordaindu beharko ditu pertsona bakoitzak, eta ordainketa bertan egin beharko du eskudirutan. Alkizarrek eta 12 urtetik beherakoak doan izango dute bisita, baina, dena den, izena eman beharko dute aurretik; pertsona bakoitzeko izen emate bat.